Itsas aintzira edo albufera sakonera txikiko ur-masa da, itsaso zabaletik hareaz, legarrez edo uharriz osatutako kordoi batez bereizirik dagoena[1]. Albufera hitzaren jatorria arabiarra da, البحيرة edo al-buhayra, "itsas txikia". Itsas aintziren ura, neurri batean edo bestean, gazia da, azken buruan itsasoaz komunikatuta baitaude. Jatorria, sarritan, badia baten ixtearen ondorioa izaten da: itsas sedimentuek eta ibaiek ekartzen dituztenak zamatzen doaz, badia kasik bete arte.
Morfologia aldetik oso desberdinak izan daitezke. Itsasaldiak oso indartsuak ez direnean itsas aintzirak luzeak eta estuak sortzen dira, Mediterraneo kasu. Kasu horietan itsasotik bereizten duen lur-zerrenda, hareaz edo lurraz sortutakoa, hondar-barra estu bat izaten da.
Ekologikoki interes handiko guneak izaten dira. Zoritxarrez giza-populazioetarako oso toki onak izaten dira eta oso ohikoa da ekosistema horiek oso degradatuta egotea edo arazo larriei aurre egin behar. Oso kilometro gutxitan kontraste handiak sortzen dira eta horrek landaredian eragin zuzena du. Hegazti migratzailetzat, bestetik, gelditzeko eta jateko espazio oso egokiak dira. Azkenik, iktiofaunaren ikuspuntutik, arrainentzako arrautzak jartzeko toki oso onak izaten dira.