Izar

Artikulu hau objektu astronomikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Izar (argipena)».
Pleiadeak, Taurus konstelazioko izar multzoa
Eguzkia, Lurretik gertuen dagoen izarra eta gehien ezagutzen dena.

Izarra argizagi bat da, bere grabitazioak loturik mantentzen duen plasmazko gorputz esferiko handia. Gasez (batez ere hidrogeno eta helioz) osatua da, eta bere barnean gertatzen diren erreakzio termonuklearretatik ateratako energiaz egiten du distira.[1] Eguzkia da Lurretik hurbilen dagoen izarra eta Lurraren energia iturri nagusia, argi energiarena barne. Beste izar asko begi hutsez ikus daitezke Lurretik gaua denean; Lurretik oso-oso urrun daudenez, puntu finko txiki gisa ageri dira zeruan. Historikoki, izarrik nabarmenenak konstelazio eta asterismotan taldekatu dira, eta izarrik distiratsuenek berezko izena jaso dute. Astronomoek izar-katalogoak egin dituzte ezagutzen diren izarrak identifikatu eta izarren nomenklatura estandarra emateko. Hala ere, Unibertsoan dauden izar ia guztiak, gure galaxia den Esne Bidetik kanpo dauden guztiak barne, Lurretik ezin dira ikusi teleskopiorik erabili gabe; are gehiago, teleskopio oso indartsuak erabilita ere, izar gehienak ezin ditugu ikusi ere egin.

Euren bizitzaren zati handi batean zehar izarrek distiratzen dute euren erdigune beroan fusio nuklearra gertatzen delako. Fusioa da izarrek beren kanpo geruzetatik etengabe kanporatzen duten energiaren iturburu. Hidrogenoa eta helioa baino astunago diren ia gai guztiak izarretako erdigunean sortzen dira, izar-nukleosintesi deitzen den prozesuan, edo euren bizitza amaitu ostean supernoben bidez izarrek eztanda egiten dutenean. Bere bizitzaren amaiera aldera izar batek materia endekatua izan dezake. Astronomoek izar baten masa, adina, metaltasuna (osaketa kimikoa) eta beste hainbat ezaugarri jakin ditzakete izarrak espazioan zehar duen mugimendua, argitasuna eta espektroa aztertuta. Izar baten masa da bere eboluzioa eta amaiera aurresateko ezaugarririk garrantzitsuena. Izarren ezaugarri batzuk, hala nola diametroa eta tenperatura, denborarekin aldatzen dira, eta izarrak inguruan duenak bere errotazio eta mugimenduari eragiten dio.

Izar taldeek galaxiak sortzen dituzte eta unibertsoko argizagi nagusiak dira.

  1. «izar» Zientzia eta Teknologien Hiztegi Entziklopedikoa (Elhuyar Fundazioa) (Noiz kontsultatua: 2019-01-30).

Developed by StudentB