Jacques-Louis David (1748ko abuztuaren 30a – 1825eko abenduaren 29a) neoklasizismoko eragin handiko frantziar margolaria izan zen. 1780ko hamarkadan, bere historiari buruzko margolan arrazionalek aldaketa ekarri zuten, eta Rokokoren arinkeriatik apaindura gabeko klasizismo biluzira iragan zen, Antzinako Erregimenaren azken urteetako testuinguru moralarekin bat.
Ondoren, Frantziako Iraultzaren alde egin zuen zeharo, eta Maximilien Robespierrekin adiskidetu zen. Frantziar Errepublikan arteari zegokionez, azken hitza berea zuen. Robespierrek boterea galdu ondoren David atxilotu bazuten ere, aske utzitakoan Napoleonen erregimenarekin bat egin zuen. Garai hartan, "estilo inperiala" garatu zuen, veneziar kolore epel frankokoa. Ikasle ugari izan zituen Davidek, XIX. mendearen hasieran ospe handienetako margolaria bihurtuta, batik bat margolaritza akademikoan.
Haren ikasleen artean, kontuan hartzekoak dira, Antoine-Jean Gros, Anne-Louis Girodet de Roucy-Triosson eta, garrantzitsuena, Jean Auguste Dominique Ingres.