Jakobinoak Frantziako Iraultzan zehar Paris hiriburuan egoitza izan zuen talde politiko erradikal bat osatzen zuten pertsonak ziren. Errepublikazaleak eta herri subiranotasunaren defendatzaileak ziren, eurentzat herrialdea banaezina zen, ondorioz estatu zentralistaren defendatzaile sutsu bilakatu ziren.
Frantziako Iraultzako lehen urteetako bi talde politiko nagusietako bat osatu zuten jakobinoek. Oposizioan zeuden diputatu guztiak bildu ziren hasieran jakobinoen taldera, baina 1791etik aurrera gero eta jarrera gogorragoak hartu zituzten iraultza nagusi zedin, eta Frantziako politika menderatu zuten 1793ko uztailetik 1794ko uztaila bitartean. Aginpidean egon ziren denbora horretan Izualdi Handia zabaldu zuten herrian, gillotinan hil baitzituzten oposizioko kide asko. Jakobinoen bi buru, Saint-Just eta Robespierre, gillotinan hil zituztenean desagertu zen taldea, 1794an.
Gaur egun, Frantzian, jakobinismoa Estatu eta Errepublikaren zentralizazioaren ideiaren parekide da.