Jean Auguste Dominique Ingres (Montauban, 1780ko abuztuaren 29a – Paris, 1867ko urtarrilaren 14a) Frantziar margolari neoklasikoa izan zen. Neoklasizismoaren pintore nagusitzat hartzen da, Jacques-Louis Daviden ondoren. David eta Poussin margolarien tradizioari eutsita, historiari buruzko margolanak egiten bazituen ere, azken urteetako erretratuak izan ziren haren lanik nagusiak.
Lehenaldiarekiko begirunez, akademiako ortodoxiaren zaintzailetzat jo zuen bere burua, batik bat Eugène Delacroix eta gisakoen erromantizismoaren aurrean.[1] Hala ere, geroago ikusi zen Ingres, eta beste neoklasiko batzuk ere, garaiko izpiritu erromantikoaren eraginpean zeudela[2]. Halaber, Ingresen forma eta espazioaren distortsioak arte garaikidearen aurrekari garrantzitsuak dira.