James Eugene "Jim" Carrey (Newmarket, Ontario, 1962ko urtarrilaren 17a - ) kanadar aktore eta umorista da. Carreyk herritartasun kanadarra eta estatubatuarra du.
70eko hamarkadaren amaieran hasi zen lanean zuzeneko umorista gisa, Yuk Yuk's Torontoko klubean. Nolabaiteko ospea lortu ondoren, 1981ean Los Angeleseko The Comedy Storen hasi zen lanean, eta Rodney Dangerfield umoristak ikusi zuen bertan. Zineman eta telebistan interesatua, Damon Wayansekin adiskidetasun bat garatu zuen, In Living Color umorezko saioan paper bat lortu ziona. 90eko hamarkadan hainbat pertsonaia antzeztu zituen.
Telesailetan eta aurrekontu txikiko hainbat filmetan arrakasta lortu ondoren, 1994ko otsailean estreinatu zen Ace Ventura komediaren protagonista izan zena. Filmak sekuela bat izan zuen 1995ean, Ace Ventura: when Nature Calls, non maskoten detektibearen papera errepikatu zuen. Ondoren, Stanley Ipkissen papera egin zuen The Mask filmean, (Urrezko Globorako izendapena eman zioten, komedia edo musikal bateko aktore onenaren atalean), Lloyd Christmasena Dumb and Dumber filmean (1994koa) eta Fleetcher Reedena Liar Liar filmean (1997). 1999 eta 2000. urteetan Urrezko Globoa irabazi zuen The Truman Show eta Man on the Moon filmetan egindako emanaldiengatik.
Bi sariak irabazi zituenetik, Carreyk komediak egiten jarraitu zuen, besteak beste, How the Grinch Stole Christmas (2000), Bruce Almighty (2003), Lemony Snicket 's A Series of Unfortunate Events (2004), Fun with Dick and Jane (2005), Yes Man (2008), A Christmas Carol (2009), eta Mr. Popper 's Penguins (2011). Rol dramatikoak ere antzeztu zituen: besteak beste, Joel Barishena Eternal Sunshine of the Spotless Mind (2004) filmean, Kate Winslet eta Kirsten Dunst aktoreekin, Urrezko Globorako beste izendapen bat eman ziona, eta Steven Jay Russellena I Love You Phillip Morris (2009) filmean. 2014an, Dumb and Dumber To, Dumb & Dumberren jarraipena egin zuen, eta arrakastatsua izan zen txarteldegian.[1][2]
2013an, Carreyk bere lehen liburua argitaratu zuen, haurrentzako ipuina, How Roland Rolls izenburupean; liburuari Gelett Burgess Haur Liburuaren Saria eman zioten 2013an. 2020an, Carreyk bere lehen eleberria argitaratu zuen, Memoriak eta desinformazioa, Dana Vachonekin batera idatzi zuena.[3]