John Ray "Johnny" Cash (Kingsland, Arkansas, 1932ko otsailaren 26a – Nashville, Tennessee, 2003ko irailaren 12a) country, gospel, rock and roll eta rockabilly egile abeslari eta gitarrista izan zen, historiako handienetakoa[1]. 90 milioi album baino gehiago saldu zituen 50 urteko lanaldian[2].
Ahots sakona, janzkera iluna, Cashek horrela hasi ohi zituen bere emanaldiak: Hello, I'm Johnny Cash (Kaixo, Johnny Cash naiz). Abesti asko eta askok ("I Walk The Line", "Folsom Prison Blues", "Man in Black"...) tristura islatzen dute, errua, moralitatearen kezka eta barkamena. Umorea ere erakusten du, ordea: "One Piece At A Time", "The One On The Right Is On The Left", "A Boy Named Sue", eta beste gai ugari era bai. Hala ere, arrakasta handienetako batzuk beste artista batzuen abestiekin lortu zituen, hala nola, Nine Inch Nailsen "Hurt"[3][4], Depeche Moderen "Personal Jesus", eta Joe Strummerrekin batera grabatu zuen Bob Marleyren "Redemption Song"-en bertsioekin.