Joko-teoria

Joko-teoriak gatazka eta lehia egoerak matematikaren bitartez aztertzen dituen jakintza-arloa da. Horretarako, joko sinpleetatik abiatzen da sarri, irudian agertzen harri-orri-ar jokotik adibidez.

Joko-teoria interes-gatazka eta lehia ageri diren edozein egoeratarako matematika-analisia da, emaitza hobezina eskuratzeko estrategia edo jokabidea zehaztea helburu duena. Jatorria estrategia-jokoen denbora-pasa ezagunen (xakea, pokerra eta abar) azterketetan duelako jarri zitzaion izen hori; hala ere, soziologian, ekonomian, finantzetan, politikan, biologian, psikologian, eta zientzia politiko eta militarrean ager daitezkeen gatazketarako ere baliagarria da. Horietan guztietan, izan ere, jokalari batek hartzen duen erabakiaren emaitza beste jokalariek hartutako erabakien mendean dago. Lehian edo gatazkan ari diren hainbat eragileren interakziozko egoera guztietan ditu aplikazioak, berdin diolarik eragileak gizaki, erakunde edo animalia izan. Metodologiaren aldetik, matematika da joko-teoriaren teknika nagusia, beste arlo batzuetako tresnak hartzen baditu ere, erabaki-teoriatik kasu; hala ere, metodo enpirikoa eta esperimentazioa ere erabiltzen da, teorian ezarritako ondorioak praktikan egiaztatzeko.

Émile Borel frantziar matematikariak aztertu zituen lehen aldiz jokoen teoriaren alderdietako batzuk, eta zenbait artikulu idatzi zituen zorizko jokoei eta partiden teoriari buruz. Hala ere, John von Neumann hungariar jatorriko estatubatuar matematikaria hartzen da jokoen teoriaren sortzailetzat. 1920 eta 1930 artean argitaratutako zenbait artikulutan ezarri zuen geroago garatuko zituen teoria guztien egitura matematikoa. 1944an Theory of Games and Economic Behavior (euskaraz, Joko-teoria eta jokaera ekonomikoa) liburua argitaratu zuen, Oskar Morgenstern ekonomialariekin batera. Bigarren Mundu Gerran jokoen teoriari zuzenean lotutako kontzeptuetara jo zuten estratega militarrek. Harrezkero, joko-teoriak garapen handia izan du, errealitatean izaten diren lehiazko portaera konplexuak ulertu eta modelizatzeko. Horrela, Ekonomiako Nobel Saria joko-teorian nabarmendu diren ikerlariei eman izan zaie aldi zenbaitetan.


Developed by StudentB