Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Artikulu edo pasarte honek eduki, gramatika, hiztegi edota ortografia akatsak ditu. Lagundu nahi baduzu, zuzendu ezazu. |
Juan Carlos I.a[1] —gaztelaniaz, izen osoa: Juan Carlos Alfonso Víctor María de Borbón y Borbón-Dos Sicilias edo, labur, Juan Carlos I— (Erroma, 1938ko urtarrilaren 5a) 1975tik 2014ko ekainaren 19ra Espainiako erregea eta estatuburua izan zen. Haren oinordekoa haren seme Felipe VI.a da, Juan Carlosek abdikatu zuenez gero. Hala ere, Juan Carlosek oraindik errege titulua du.
Francok izendatu zuen bere ondorengo estatuburu, nahiz eta, izatez, errege izatea Juan Carlosen aitari zegokion. Horrela, Francisco Franco hil eta gero, Espainian monarkia berrezarri zen.
1975eko azaroaren 22an izendatu zuten errege, 1947ko Estatuko Ondorengotzarako Legean horrela erabaki baitzen. 1978ko Espainiako Konstituzioak Espainiako erregetzat onartu zuen, Borboi etxearen oinordeko izendatu zuen eta estatuburutza eman zion. Kargu horiek jaso aurretik ere, Juan Carlosek Estatuko buruzagitzaren barneko eginkizun batzuk izan zituen Franco gaixo zegoen bitartean.
Bere erreinaldian Juan Carlosek bere aldeko jarraitzaile ugari izan du, bai Espainian, bai Iberoamerikan. Hala ere, 2012an egoera hura goitik behera aldatu zen, 2013an herritarren % 53 haren gobernatzeko erarekin erabateko desadostasunera iritsi arte, nahiz eta, gainerako Espainiako organigrama politikoarekin alderatuta, iritzi positiboa mantendu.
Errege zela, hainbat omenaldi eta nazioarteko sari jaso ditu Espainiako trantsizioan izan zuen jarreragatik, 1981eko Estatu kolpea etettzeko izan zuen bitartekotzagatik, Europari laguntza emateagatik eta harreman diplomatikoak sortzen egindako ekarpenagatik, hala nola: Karlomagno saria (1982); UNESCOren Félix Houphouët-Boigny saria, bakea bilatzeagatik (1995); Demokraziaren domina, Yeshivako Unibertsitateak emana (1997); estatuburu mundialaren saria, Appeal of Conscience erakundeak emana (2011); erakunde errusiarraren estatu saria (2011), besteak beste.