Judaismo

Argimutilak, etrog kutxa, xofarra, Tora erakuslea, Tanakha, natla (eskuak garbitzeko pitxerra).

Judaismoa erlijio abrahamdar eta monoteista bat da, juduen zibilizazioak eta tradizio erlijioso, kultural eta legalak osatzen dutena.[1][2][3] Jatorria erlijio antolatu gisa Ekialde Hurbilean dauka, Brontze Aroan.[4] Hainbat adituren arabera judaismo modernoa jahvismotik garatu zen, K.a. 500 urte inguruan, antzinako Israel eta Judeako Erresumetako erlijioa zenetik, eta horregatik bizirik dauden erlijio monoteistetatik zaharrena dela iritzi ohi da.[5] Judaismoaren doktrina, profezia eta historian oinarritzen dira beste erlijio abrahamdar guztiak, adibidez kristautasuna eta islama.[6][7] Judu fededunentzat, Jainkoak israeldarrekin ezarri zuen itunaren adierazpena da judaismoa.[8]

Tora (hebreeraz: תורה‎‎, «legea» edo «irakaskuntza»[9]) judaismoaren liburu fundatzailea da, eta Tanakh deritzonaren zati bat osatzen du. Adituek Hebrear Biblia izena erabili ohi dute Tanakha izendatzeko. Idatzizko Toraz gain, ahozko tradizioa ere garrantzitsutzat jotzen dute juduek, esaterako, midrax (Tanakhari egindako iruzkinak) eta Talmuda. Hebreerazko Tora izenak hainbat esanahi izan ditzake eta Tanakh osoa izendatzeko erabil daiteke, nahiz eta berez Moisesen bost liburuak, hau da, Tanakharen lehen zatia, izendatzen duen.[10] Horregatik, batzuetan ahozko tradizioari «Ahozko Tora» esaten zaio.

Judaismoaren baitan erlijio-mugimendu ugari daude, horietako gehienak judaismo errabinikotik datozelarik.[3][11] Judaismo errabinikoaren arabera, Jainkoak legeak eta aginduak Sinai mendian eman zizkion Moisesi, Idatzizko Tora eta Ahozko Tora gisa.[12] Historikoki, hainbat taldek zalantzan jarri dute baieztapen hau, esaterako saduzearrek eta judaismo helenistikoak Bigarren Tenpluaren (edo Herodesen Tenpluaren) garaian;[3][13] judu karaitek;[14] eta gaur egungo mugimendu ez-ortodoxo batzuek.[14] Horrez gain, judaismo modernoaren adar batzuk, adibidez judaismo humanistikoa, laikoak edo ez teistak dira.[15][16] Gaur egungo judaismoaren mugimendu handienak judaismo ortodoxoa (haredi eta judaismo ortodoxo modernoa), judaismo kontserbadorea eta judaismo erreformista dira. Hauen arteko desberdintasun iturri nagusiak halakha (euskaraz: «lege judua»), tradizio errabinikoaren autoritatea eta Israelgo Estatuari ematen dioten garrantzia dira.[17][18][19] Judaismo ortodoxoak berresten du Tora eta halakha jainkotiarrak, betierekoak eta aldaezinak direla jatorriz eta erabat jarraitu behar direla. Judaismo kontserbadore eta erreformistak ikuspuntu liberalago bat bultzatzen dute, nahiz eta judaismo kontserbadoreak oro har ikuspuntu tradizionalagoa daukan. Orokorrean, erreformisten iritzia da halakha jarraibide bat besterik ez dela eta ez debekuen eta betebeharren sorta bat.[20]

2021ean, munduan 15,2 milioi judu zeudela kalkulatzen da, hau da, munduko biztanleriaren % 0,19.[21] Horietatik gehienak Israelen eta Estatu Batuetan bizi dira.[21]

  1. (Ingelesez) Kohler, Kaufmann. «Judaism» The Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-04-02).
  2. (Ingelesez) Jacobs, Louis. (2007). Judaism. Encyclopaedia Judaica ISBN 978-0-02-866097-4..
  3. a b c (Ingelesez) Schiffman, Lawrence H. (2003). Understanding Second Temple and Rabbinic Judaism. KTAV ISBN 9780881258134..
  4. (Ingelesez) "History of Judaism until 164 BCE".. BBC.
  5. (Ingelesez) Religion: Three Religions, One God. PBS.
  6. (Ingelesez) Busse, Heribert. (1998). Islam, Judaism, and Christianity: Theological and Historical Affiliations. Markus Wiener Publishers ISBN 978-1-55876-144-5..
  7. (Ingelesez) Zeitlin, Irving M. (2007). The Historical Muhammad. Polity ISBN 978-0-7456-3999-4..
  8. (Ingelesez) Judaism. Berkley Center for Religion, Peace, and World Affairs..
  9. (Ingelesez) Fried, Yerachmiel. (2011-08-18). «What is Torah?» aish.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  10. (Gaztelaniaz) Sonsino, Rifat. (2012). Vivir como judío: historia, religión, cultura. Palibrio ISBN 978-1-4633-2756-9..
  11. (Ingelesez) «Rabbinic Judaism» www.britannica.com (Encyclopædia Britannica) (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  12. (Ingelesez) Silberberg, Naftali. What is the "Oral Torah"?. chabad.org.
  13. (Ingelesez) «Sadducee» www.britannica.com (Encyclopædia Britannica) (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  14. a b (Ingelesez) Kohler, Kaufmann; de Harkavy, Abraham. Karaites and Karaism. Jewish Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2023-01-15).
  15. (Ingelesez) Ackerman, Ari. (2010). «Eliezer Schweid on the religious dimension of secular Jewish renewal» Modern Judaism (Oxford University) 30 (2): 209–228. ISSN 0276-1114. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  16. (Ingelesez) Myers, David N., ed. (2018). «Can We Excommunicate God?: April 30, 1965» The Eternal Dissident (University of California Press): 69–74. ISBN 978-0-520-29745-6. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  17. (Ingelesez) Mendes-Flohr, Paul. «Judaism» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  18. (Ingelesez) Ferziger, Adam S. (2009). «From Demonic Deviant to Drowning Brother: Reform Judaism in the Eyes of American Orthodoxy» Jewish Social Studies 15 (3): 56–88.  doi:10.2979/jss.2009.15.3.56. ISSN 0021-6704. (Noiz kontsultatua: 2022-04-03).
  19. (Ingelesez) Cohen, Steven M; Bubis, Gerald B. (1990). The Impact of Denomination: Differences in the Israel-related Opinions of American Rabbis and Jewish Communal Workers. , 137-163 or..
  20. (Ingelesez) Lachoff, Irwin. (2019). Reform in Mid Nineteenth-Century Jewish New Orleans. Louisiana Historical, 171-198 or..
  21. a b (Ingelesez) «2021 World Jewish Population (DellaPergola, AJYB)» Berman Jewish Databank (Noiz kontsultatua: 2023-01-11).

Developed by StudentB