Kable ardazkide

RG-59 Kable ardazkidea.
A: Plastikozko geruza babeslea
B: Kobrezko sarea
C: Isolatzailea
D: Kobrezko nukleoa

Kable ardazkidea bi eroale zentrokidez osatutako kablea da. Erdiko eroalea edo nukleoa, kobrezko hari solidoz egina dago, geruza isolatzaile batez inguratua. Honek kanpoko eroaletik babesten du, azken hau aluminioz edo kobrez osatutako sare bat da. Kanpoko eroaleak apantailamendua eragiten du eta gainera korronteen itzulerarako balio du. Egitura osoa geruza isolatzaile batek babesten du. Kable ardazkide mota ugari dago, diametro eta inpedantzia ezberdinekoak. Erabileren artean banda zabaleko komunikazio sareak (telebista kablea) eta banda baseko kableak (Ethernet) aipa daitezke. Orokorrean, kable ardazkideak ez du kanpoko interferentzien eragina jasaten eta ondorioz, garraio abiadura handia lor daiteke distantzia luzetan.

LAN sareetan bi motako kable ardazkideak erabili ohi dira: lodia eta mehea. Erabilitako kablearen arabera 300 Hz eta 3000 MHz arteko banda zabalerak lor daitezke. Gainera, bi zuntz optiko mota ere erabiltzen dira, monomodoa eta multimodoa.

Zuntz optikoaren erabilera masiboaren aurretik, ardazkidea oso erabilia zen maiztasun-zatiketa bidezko multiplexazioan (FDM, Frequency Division Multiplexing) oinarritutako transmisio sistema analogikoetan.

Halaber, denbora-zatiketa bidezko multiplexazioan (TDM, Time Division Multiplexing) oinarritutako sistema digitaletan, 64 kbps-ko 7000 kanal igor zitezkeen.

Transmisio hauetan erabilitako kableak LAN sareetan erabiltzen denaren egitura desberdina zuen. Izan ere, lurperatuta instalatzen zenez, trakzio eta presio esfortzuen aurreko babesa behar zuen. Hori dela eta, ohiko babesez gain, altzairuzko oskol bat izaten zuen.


Developed by StudentB