Zientziaren sustapenaren aldeko Kalinga saria UNESCOk ematen duen sari bat da, ideia zientifikoak publiko zabalari adierazi edota azaltzen dituzten pertsonen lana aitortzen duena. 1952an sortua izan zen, Bijoyanand Patnaik-ren -Indiako Kalinga Fundazioaren fundatzaile eta presidente- diru laguntza baten ostean.
Urtero ematen den sari honen hartzaileak talentu handia erakutsi behar izan du zientzia eta teknologia jende xeheari adierazteko orduan, bai idazle, editore, telebista edota zinema zuzendari, irrati esatari edo hitzaldi emaile moduan. Saria zientzia eta teknologiaren garrantzia azpimarratzeko, jendearen ongizatea bultzatzeko, herri desberdinen ondare kulturala aberasteko eta gizadiak izan litzakeen arazoei aurre egin ahal izateko (betiere ikuspuntu zientifiko-teknologiko batetik). Iraganeko irabazle asko zientzialariak izan dira, beste batzuk kazetaritza edo hezkuntza moduko esparruetatik etorri direlarik.
Kide den estatu bakoitzak hautagai bakar bat izendatu behar du, UNESCOrako komisio nazionalaren bidez, zientziaren hedapenerako edo zientzia idazle edo kazetarien elkarteen gomendioak aintzat hartuta. Hautagai indibidualak ez dira onartzen.
Sariduna, UNESCOko zuzendari orokorrak aukeratzen du, berak aukeratutako lau pertsonako aholku talde batek lagunduta. Horietatik hiru kide munduko herri desberdinetakoak dira, berdintasun geografikoan oinarrituta aukeratzen direnak; laugarrena, Kalinga fundazioak eginiko gomendioaren arabera aukeratzen da.
Kalinga saria munduko zientziaren egunean banatzen da urte bakoitietan eta New Delhin urte bikoitietan. Sariaren araudiak dioen bezala, irabazleak 2000 libra esterlina eta UNESCOren Albert Einstein zilarrezko domina jasotzen ditu. Sariaren 50. urteaurrena ospatzeko, 2001. urtetik aurrera irabazleak Ruchi Ram Sahni aulkia jasotzen du Indiako Gobernuaren eskutik eta bi edo lau astetan Indian zehar bidaiatzen du gobernuaren gonbidatu bezala.
Saria zientziaren nazioarteko egunean banatzen denean, irabazleak egun hori ospatzen den hirira joan behar du UNESCOren gonbidatu moduan eta, zientziaren nazioarteko eguna New Delhin ospatzen denean, Kalinga fundazioak irabazlea Indian zehar hitzaldiak emateko bidaia desberdinak ordaintzen dizkio.
Zientziaren sustapenaren aldeko Kalinga saria UNESCOren "Zientziaren analisi eta politikaren atalak" administratuta dago.