Kalkuta কলকাতা | |
---|---|
municipal corporation of West Bengal (en) | |
Administrazioa | |
Herrialdea | India |
Probintzia | Mendebaldeko Bengala |
Alkatea | Firhad Hakim |
Izen ofiziala | Kolkata[1] (কলকাতা) |
Jatorrizko izena | কলকাতা |
Posta kodea | 700001 |
Geografia | |
Koordenatuak | 22°34′22″N 88°21′50″E / 22.5726723°N 88.3638815°E |
Azalera | 185 km² |
Altuera | 9 |
Demografia | |
Biztanleria | 4.496.694 (2011) −83.850 (2001) |
Metropolia | 14.112.536 |
Dentsitatea | 21.820 bizt/km² |
Informazio gehigarria | |
Telefono aurrizkia | 33 |
Ordu eremua | UTC+05:30 |
Hiri senidetuak | Karatxi, Long Beach, Tesalonika, Kunming, Napoli, Odesa, Incheon eta Dhaka |
Matrikula | WB-01 , WB-02 , WB-03 , WB-04 , WB-05 , WB-06 , WB-07 , WB-08 , WB-09 eta WB-10 |
kmcgov.in |
Kalkuta[1] (bengaleraz: কলকাতা, ⓘ, Kolkata izenaz ere ezaguna, 2001. urtetik izen ofiziala) Mendebaldeko Bengala estatuko hiriburua da, Indian. Hooghly ibaiaren ekialdeko ertzean dago kokatuta eta Ekialdeko Indiako merkataritza, kultura eta heziketa zentro nagusia da. Kalkutako portua funtzionamenduan dagoen Indiako portu zaharrena eta ibai portu bakarra da. Hiria Indiako "kultur hiriburutzat” hartzen da eta "Poztasunaren Hiria" ere deitzen zaio.[2][3][4] 2011n, 4,5 milioi biztanle zituen hiriak; hiria eta haren ingurua kontuan hartuta, berriz, biztanleen kopurua 14,1 milioi zen: Indiako hirugarren metropoli populatuena. Era berean, munduko eskualde metropolitar handienen artean zortzigarrena da. Kalkutako metropoliaren ekonomiaren azkeneko kalkuluen arabera, 60.000 eta 150.000 milioi dolar tartekoa (BPGa erosahalmenaren parekotasunari doitua) dela diote, Indiako hirugarren metropoli produktiboena bilakatuz, Mumbai eta Delhiren ondoren.[5][6][7]
XVII. mendearen bukaeran, Kalkutaren aurrekari ziren hiru herriak Bengalako Nawabek gobernatzen zituen Mogolen menpean. Nawabek Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiari 1690ean merkataritza lizentzia bat eman ostean,[8] konpainiak zonaldea garatu zuen merkataritza gune gero eta gotortuago bat bihurtuz. Siraj ud-Daulah Nawabak Kalkuta okupatu zuen 1756an, eta Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak hurrengo urtean berrartu zuen.[9] 1793an, Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak indar nahikoa zuen eta Nizamat (tokiko araua) indargabetu zuen, eskualdeko subiranotasun osoa hartuz.
Konpainiaren agintepean hasieran, eta Britainiar Rajarenean gero, Kalkuta Britainia Handiak Indian zituen lurraldeen hiriburua izan zen 1911. urtera arte. Hautemandako desabantaila geografikoak eta Bengalako nazionalismoaren hazkundea izan ziren hiriburua New Delhira aldatzeko arrazoiak.[10] Kalkuta Indiako independentzia mugimenduaren zentroa zen; eta gaur egungo politikaren gune garrantzitsua izaten jarraitzen du. 1947an Indiak independentzia lortu ostean, Kalkutak, behinola Indiako hezkuntza modernoaren, zientzien, kulturaren eta politikaren erdigunea izan zenak, geldialdi ekonomikoko hamarkada asko jasan zituen.[11]
XIX. eta XX. mendeko Bengalako Pizkundearen zentroa eta erlijio eta etnia aniztasun askoko kultura nukleoa izanik, Kalkutak tokiko tradizioak ditu draman, artean, zinean, antzerkian eta literaturan. Kalkutako jende askok, tartean direla hainbat Nobel saridun, ekarpenak egin dituzte arte, zientzia eta beste arlo batzuetan. Kalkutako kulturak auzo itxiak (paras) eta estilo libreko truke intelektualak (adda) barnebiltzen ditu modu baketsuan.Argitu behar Mendebaldeko Bengalak hirian du bertako zinemaren erdigunea, eta garrantzi nazionaleko kultura erakunde garrantzitsuak ditu baita ere: Arte Ederretako Akademia, Victoria Memoriala, Asiar Elkartea, Indiar Museoa eta Indiako Liburutegi Nazionala. Kalkutan cricket kiroleko hainbat frankizia daude eta, kirol horretako ospakizun nagusi batzuk hor egiten badira ere, futbol eta beste kirolei garrantzia ematen dielako desberdintzen da beste hiri indiarretatik.