Kanbriar | ||||
---|---|---|---|---|
Kanbriar | ||||
Kronologia | ||||
Hasiera | duela 538.800.000 urte | |||
Amaiera | duela 485.400.000 urte | |||
Honen parte da | Paleozoiko eta ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) | |||
Osatuta | Terreneuviar Cambrian Series 2 (en) miaolingiar Furongiar | |||
Etimologia | ||||
Honen izena darama | Cambria (en) | |||
|
Kanbriarra Paleozoikoko eta Fanerozoikoko lehenengo periodoa da[1], orain dela 542 ± 1.0 Ma (milioi urte) eta 488.3 ± 1.7 Ma bitartean hedatzen dena. Bere aurretik Ediacarar periodoa gertatu zen eta, ondoren, Ordoviziarra. Bere azpibanaketak eta hasiera ez daude guztiz egonkortuta. Periodoa "Kanbriar serieak" bezala sortu zuen Adam Sedgwickek, Galesen (Cymru) latinezko Cambria izenean oinarrituta, periodo honetako arrokak hoberen ikus daitezkeen Britainia Handiko eremua[2][3][4]. Kanbriarrean lagerstätte ugari daude, ez-ohikoa dena, eta horrek aukera eman du atal bigunak fosilizatuta duten izakiak aztertzeko. Horren ondorioz, Kanbriarreko biologiari buruz hurrengo periodoetatik baino askoz gehiago ezagutzen dugu[5].
Kanbriarrak aldaketa nabarmena ekarri zuen biziaren historian; Kanbriarra baino lehen, organismo gehienak txikiak, zelulabakarrak eta sinpleak ziren, Ediacarako faunaren ale batzuk kenduta. Bizi konplexua eta organismo zelulaniztunak gero eta ohikoagoak egin ziren Kanbriarraren aurreko milioi urteetan, baina ez zen kanbriarrera arte organismoek mineralizatutako oskolak egin zituztela eta, beraz, fosilizatu daitezkeen atalak zituztela[6]. Kanbriarrean biziaren dibertsifikazio erraldoia gertatu zen, Kanbriarreko leherketa izenarekin ezagutzen dena, gaur egun munduan dauden filum guztiak sortu ziren garaia. Analisi filogenetikoek babesten duten kanbriarreko erradiazio honetan metazoa guztiek (animaliak) arbaso komun bakarretik monofiletikoki eboluzionatu zutela: gaur egungo konoflagelatuen antza duten protista koloniak[7].
Bizidun berri asko ozeanoetan sortu baziren ere, lur lehorra ia hutsik egon zela uste da, gehienez ere mikrobioz osatutako alfonbra bat eta horietaz elikatzera atera ziren molusku gutxi batzuk[8][9]. Kontinenteak lehorrak eta harritsuak ziren, eta ez zegoen florarik. Pannotia superkontinentearen hausturarekin hainbat kontinente berri sortu ziren eta, horien ertzetan, sakonera eskaseko kostaldeak. Itsasoak erlatiboki epelak ziren eta ez zen egon poloetan izotzik periodoaren zatirik handienean.