Karl Anthony Malone (Summerfield, Louisiana, 1963ko uztailaren 24a) estatubatuar saskibaloi jokalari ohi bat da. Hegal-pibota postuan jokatu zuen.
Ezizenez Postaria, puntu kopuru handiak lortzeko erraztasuna, joko abiadura bizia eta postariek gutunak banatzen dituzten moduan arerioei saskiraketak banatzeko zuen dohaia zela eta, horregatik, NBAko historian puntu gehien lortu dituen bigarren jokalaria da (36.928), lehena den Kareem Abdul-Jabbarren atzetik (38.387).
Denboraldi bat ez beste bere NBAko ibilbidean Utah Jazz taldean jokatu zuen (1985-2003), bertan John Stockton saskibaloilariarekin batera jokalari bikote paregabe eta mitikoa osatu zuen. Bere ibilbidearen azken urtea Los Angeles Lakers taldean jokatu eta erretiratu zen (2003-2004).
1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean eta 1990eko hamarkadaren lehen erdialdean NBAko jokalari onenetakotzat jo ohi zen, ondorioz, saskibaloi zaletu askorentzat inoizko talderik onena izan eta 1992ko Udako Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen Dream Team talde ahaztezineko kidea izan zen, kirol honetako beste hainbat izarrekin batera, tartean Magic Johnson, Larry Bird, Michael Jordan eta abarrekin batera.