Politika |
---|
Kleptokrazia (grezieratik κλέπτης kléptēs, «lapurra», edo κλέπτω kléptō, «lapurtzen dut», eta -κρατία -kratía, κράτος krátos-etik datorrena, «boterea, gobernua») gobernu bat da; hor, agintari ustelek (kleptokratek) botere politikoa erabiltzen dute beren gobernupeko jendearen aberastasuna eta lurrak bidegabeki erabiltzeko, eta hori, normalean, biztanleriaren kontura egiten dute,[1][2] horretarako, funtsak desbideratuz. Politikan oinarritutako ebasketa sozioekonomikoak denez, sarritan lege-hausleek ez dute iragarpen publikorik egiten edo bidegabekeriengatik barkamenik eskatzen, eta ez zaie kargurik edo zigorrik ezartzen.[3][4]
Plutokrazia (aberatsen gobernua) zein oligarkia (elite txiki baten gobernua) eta kleptokrazia ez dira gauza bera. Kleptokrazian, politikari ustelak legez kanpo aberasten dira, ezkutuan, eroskeriak onartzen dituztelako edo baita lobbyek (presio taldeek) eta korporazioek emandako mesedeak ere, edo estatu funtsak beren nahiz beren kideen mesederako desbideratzen dituztelako. Bestalde, kleptokratek, boterea galdu baino lehen, atzerrira eramaten dituzte beren irabazi asko.[5]
Oxford English Dictionaryren arabera, hitza Indicator astekarian 1819an erabili zen ingelesez lehen aldiz: «Titular ornaments, common to Spanish kleptocracy (Noblezia-tituluen apaingarriak; ohikoak kleptokrazia espainiarrean»[6]