Klima tropikala tropikoetan izaten den klima mota da, ipar-hego 15-25 graduko latitudea arte. Ekuatoretik hurbil dauden eskualdeetan klima ekuatoriala izaten dute.
Urte osoan zehar tenperaturak handiak dira, baina urteko bi urtaroetan aldaketak daude: udan 25/30 °C eta neguan 20/23 °C. Euri garaia batez ere udan izaten da, uda baita urtaro hezea. Negua aldiz, urtaro lehorra da. Dena den, urtean 1000 mm-tik gorako euria izaten da.
Ibaiak, urtaroen arabera, izugarri aldatzen dira, emaria aldatu egiten baita. Urtaro hezean uhaldi handiak izaten dira eta, ondorioz, askotan uholdeak gertatzen dira. Ibai hauen artean ezagunenak hauxek dira: Niger eta Zambezi Afrikan, Orinoko Amerikan eta Ganges Asian.