Kode genetikoa azido nukleikoetan dagoen eta proteinen sintesia ahalbidetzen duen informazioaren multzoa da [1]. Informazio genetikoa ADNan dago, eta transkripzio izeneko prozesuaren bidez ARN mezularira (ARN-m) pasatzen da [2]. ARN mota honek proteinen sintesia zuzentzen du, kodoi izeneko hiru nukleotidoen sekuentzien bitartez. Izan ere, kodoi eta aminoazidoen arteko erlazio edo lotura estua da kode genetikoaren funtsa. Proteinen sintesia osatzen duen prozesuari, ARN-m-tik abiatuta, itzulpena deritzo.
Bizidun batek dituen proteinak espezifikoak dira, beste bizidunek dituztenetatik bereiziak. Proteina horiek bizidunaren fenotipoa eragiten dute, espezifikoa ere badena. Proteinak azido nukleikoetatik sortzen direnez, bi organismo bereizten dituena haien material genetikoa (ADN) da azken finean, horrek baitu organismo horrentzat berezko eta espezifikoa den informazio multzoa.
Jakina da ADNa nukleotidoen sekuentzia dela, nukleotido horiek hiru osagai izanik: desoxirribosa, azido fosforikoa eta base nitrogenatuak. Desoxirribosa eta azido fosforikoa ADN guztietan berdinak direnez, ADN bati espezifikotasuna ematen diona base nitrogenatuen sekuentzia eta kopurua da. Hortaz, kode genetikoa ADNaren base nitrogenatuen osaketan datza [3].