Vibrio cholerae uretan bizi da, gehienetan ur geza kutsatuetan eta hondakin uretan. Mikrobio honen gordailua gizakia da. Horrek esan nahi du kutsapena gaixoen gorotzen bitartez gauzatzen dela, hauek milioika bakterio patogeno baitituzte, uretara iristean ur horiek kutsatzen dituztenak.
Kolera endemikoa da garapen bidean dauden zenbait lurraldetan. Bertan, higiene baldintzak eskasak dira. Edateko ura, adibidez, ez da behar bezala arazten, ezta hondakin urak ere. Baldintza horietan edateko ura bakterioz kutsatuta egotea posible da, eta Afrika zein Asiako toki askotan hori da gaixotasunaren sorburua.