Korronte zuzen

Korronte zuzeneko tentsioa, terminoa korronte zuzen konstante esanahiarekin erabiltzen denean.
Irudiko hiru seinaleak Korronte zuzenekoak badira ere, batzuetan beheko seinale bientzat arteztu terminoa aurkitu daiteke, eta korronte zuzen terminoa tentsio konstantea adierazteko erabili (goiko seinalea)

Korronte zuzena edo jarraitua (DC hizkiekin ere ezaguna, ingelesez Direct Current) elementu eroale batetik igarotzen den noranzko bakarreko elektroi-isuria da. Korronte aldizkatzailean (AC, Altern Current) ez bezala, korronte zuzenean karga elektrikoak beti noranzko berdinean mugitzen dira, polaritatea konstantea izanik. Adibidez pilek, bateriek eta zelula fotovoltaikoek ematen duten tentsioa korronte zuzenekoa da.

Korronte zuzen (DC) eta korronte alterno (AC) terminoak korronteari badagozkie ere, askotan tentsioari buruz aritzeko ere erabiltzen dira: korronte zuzena tentsioaren polaritatea konstante mantentzen denean erabiltzen da, eta korronte alterno polaritatea aldakorra denean.

Askotan korronte zuzen terminoa tentsio konstantea adierazteko erabiltzen bada ere, korronte zuzena ez da derrigorrez tentsio konstanteduna, tentsio aldakordun korrontea zuzena da polaritatea aldatzen ez den bitartean. Hala ere, kontutan hartu behar da terminoa esanahi batekin ala bestearekin erabiltzen den. Adibidez, elikatze-iturriei buruz aritzerakoan, artezgailuaren irteerako seinalearentzat arteztua terminoa aurkitu dezakegu, iragazki-irteerako seinalearentzat kizkurtua terminoa, eta behin tentsio konstantea lortutakoan zuzena terminoa, hitzaren definizio zorrotzean hiru hauek zuzenak badira ere.

Sareko tentsioa korronte alternokoa izan ohi da, Europar Batasunean adibidez 230 V eraginkorreko eta 50 Hzkoa da. Hori dela eta, korronte alternoa korronte zuzen bihurtzeko artezgailuak erabili ohi dira, zeinak osagai elektronikoak —gaur egun— edo elektromekanikoak —iraganean— dituzten. Korronte zuzena korronte alterno bihurtzeko inbertsoreak erabiltzen dira.

Lehen energia elektrikoaren garraio komertziala —Thomas Edisonek hemeretzigarren mendearen bukaeran garatua— korronte zuzenekoa izan zen. Gaur egun energia elektrikoaren garraio ia guztia korronte alternoan egiten da, honek korronte zuzenarekiko dituen abantailengatik transformazio eta garraioan. 1950ko hamarkadan goi-tentsioko korronte zuzeneko garraioa garatu zen, eta gaur egun goi-tentsioako korronte alternoko sistemen aurrean aukera bat bat da. Distantzia luzeko itsaspeko kableetan, batzutan korronte zuzena aukera bakarra da.

Korronte zuzena bateriak kargatzeko erabiltzen da, eta ia sistema elektroniko guztietan, elikadura iturri bezala. Aluminio produkzioan eta beste prozesu elektrokimiko batzutan korronte zuzeneko potentzia haundiak erabiltzen dira. Trenbide batzutan korronte zuzena erabiltzen da, hiriguneetan gehienbat. Goi-tentsioko korronte zuzena urruneko tokietatik potentzia handiak garraitzeko edo korronte alternoko sareak elkar konektatzeko erabiltzen da.


Developed by StudentB