Korrosio

Metal baten korrosioa.
Substantzia korrosiboen arrisku-ikurra

Korrosioa inguruneko agente fisikoek edo kimikoek material baten azalean eragindako aldaketa da, materiala narriatzea, deskonposatzea edo desegitea dakarrena.

Korrosioa erreakzio kimikoen ondorioz edo erreakzio elektrokimikoen ondorioz gertatu ohi da, baina erreakzio fisikoek (tentsio mekanikoek, adibidez) eta mikroorganismoek ere eragin hori bera izan dezakete zenbait metaletan. Erreakzio kimikoen ondorioz gertatzen den korrosioan, airearen oxigenoak eragiten die kaltea metalei, herdoildu egiten baititu. Metal-mota batzuetan, herdoildutako geruza erori egiten da, eta oxidazio-prozesua behin eta berriro errepikatzen da metala erabat hondatzen den arte. Beste metal batzuetan, berriz, geruza bakarra hondatzen du oxigenoak, eta geruza horrek korrosioaren kontrako babesa ematen dio metalari. Korrosio elektrokimikoa metalaren eta metala dagoen ingurunearen artean eratzen diren korronte elektrikoek sortzen dute.

Metalak korrosiotik babesteko, hiru bide daude: metala korrosioak hondatzen ez duen gai batez estaltzea, gainazalean babes-geruza bat ezartzea alegia; korrosioa eragiten duten gaien lana galarazteko edo moteltzeko sistemak erabiltzea; eta, korronte elektrikoak korrosioa eragin ez dezan, metala katodoarekin lotzea.

Korrosioa prozesu naturala da non metalak kimikoki egonkorragoa den egitura osatzen duen, normalean oxido, hidroxido edo sulfuro bezalakoak. Ingurunearekin erreakzio kimikoak edo elektrokimikoak egitearen bidez materialaren suntsipenari deritzo korrosioa. Orokorrean, korrosioa faboratuta dago, izan ere, Gibbs-en energia askea balore negatiboak hartzen ditu. Hau ondo ikus daiteke Ellinghan diagrametan, non, Gibbs energia askea irudikatuta dagoen tenperaturarekiko.

Korrosioaren esanahirik ohikoena metalaren oxidazio elektrokimikoa da ,oxido edo sulfuroek oxidatzaile bezala jokatzen dutenean alegia metalaren elektroiak hartuz. Metalen korrosioaren adibide garbienetakoa burdinari gertatzen zaiona da. Burdinak korrosioaren ondorioz oxido eta gatz desberdinak produzitzen ditu eta ondorioz laranja koloreko geruza bat sortzen da. Hala ere, korrosioa ez da bakarrik material metalikoetan ematen, material polimeriko zein zeramikoetan ere eman egiten da korrosioa, nahiz eta kasu hauetarako degradazio terminoa egokiagoa den. Korrosioak asko degradatu egiten ditu material bakoitzak izan ditzakeen propietateak, hala nola talkarekiko erresistentzia, gas eta likidoekiko erresistentzia…


Developed by StudentB