Krabelinen Iraultza | |
---|---|
Jatorrizko izena | (pt) Revolução dos Cravos |
Mota | Estatu-kolpe iraultza |
Data | 1974ko apirilaren 25a |
Kokaleku | Portugal |
Herrialdea | Portugal |
Kausa | Portugalgo Bigarren Errepublika |
Pertsona hilak | 11 |
Pertsona zaurituak | 40 |
Krabelinen Iraultza (portugesez: Revolução dos Cravos) estatu-kolpe militar bat izan zen, 1974ko apirilaren 25ean gauzatua Lisboan, 1926tik Portugalen zegoen erregimen politikoa edo diktadura amaitzeko balio izan zuena. Orduko gobernuaren aldeko armadak ez zuen erresistentzia handirik erakutsi soldadu matxinoen aurrean.
Oliveira Salazar diktadoreak hasitako eta Marcello Caetanok jarraitutako agintaldi luzeari (ia 50 urte) azkena eman zioten matxinoek egun hartan, herritar gehienen sostenguarekin. Bat egin zuen denboran Portugalgo Inperioaren gainbeherarekin, eta mugimendu komunistak eta sozialistak bultzatuta egon zen batik bat.
Jose Afonsoren Grândola, Vila Morena abestiak markatu zuen lehenengo mugimenduen hasiera, Rádio Renascença irratiak herrialde osora zabalduta.
Celeste Martins Caeiro izeneko emakume batek krabelinak banatu zituen soldadu matxinoen artean, eta soldaduek beren fusilen kanoietan paratu. Hori dela eta deitzen zaio matxinadari Krabelinen Iraultza.