Kristautasun

Jesukristoren irudia

Kristautasuna abrahamdar erlijio monoteista bat da, Jesus Nazaretekoaren bizitza eta irakaspenetan oinarriturik dagoena. Kristauek Kristo izena ematen diote Jesusi. Munduko erlijiorik zabalduena da, 2.400 milioi jarraitzaile baino gehiago baititu, gizaki bizien % 33. Munduko herrialdeen bi herenetan erlijiorik hedatuena da. Haren jarraitzaileen ustez, Jesus Jainkoaren Semea, Logosa eta gizateriaren salbatzailea da; Bibliako Itun Zaharrean aipatzen zen Mesiasa dela uste dute, eta haren bizipenak Itun Berrian bildurik daude.

Kristautasunak eta bere etikak paper garrantzitsua izan dute Mendebaldeko zibilizazioaren sorrera eta egituraketan, bereziki Antzinaro Berantiarrean eta Erdi Aroan. Esplorazioen Aroan zehar kristautasuna Amerika, Ozeania, Saharaz hegoaldeko Afrika eta munduko beste hainbat lekutara heldu zen misiolari eta kolonialismoaren bidez, eta bere hedapena ziurtatu zuen erlijio gerrekin edo Inkisizioa bezalako erakundeekin.

Kristautasuna Bigarren Tenpluko Judaismoaren barruko sekta gisa hasi zen, I. mendean, Judea erromatar probintzian. Jesusen apostoluek eta haien ondorengoak diren aita apostolikoek euren sinismena hedatu zuten Siria, Europa, Anatolia, Mesopotamia, Transkaukasia, Egipto, Etiopia eta Asian zehar, nahiz eta hasieran jazarpena izan. Konstantino I.a Handia kristautu zenean, erlijioa deskriminalizatu zuen Milango ediktuaren bidez. 325ean Nizeako Lehen Kontzilioa deitu zuen, non Kristautasun goiztiarra kontsolidatu eta Erromako Inperioaren erlijio ofiziala izatera iritsi zen. Kontzilioak Nizeako Kredoa sortu zuen, eta Elizaren Gurasoek Biblia kristauaren kanonak konpilatu zituzten V. mendean. Lehen zazpi kontzilio ekumenikoen garaiari Eliza Handiaren garaia deitzen zaio, non Eliza Katolikoak, Eliza Ortodoxoak eta Ekialdeko eliza ortodoxoek komunio osoan bizi ziren zismaren aurretik. Ekialdeko eliza ortodoxoak bereizi ziren Kaltzedoniako kontzilioaren ondoren (451), Kristologian zituzten aldeen ondorioz; Eliza Ortodoxoa eta Eliza Katolikoa 1054an bereizi ziren Zisma Nagusian, bereziki aita santuaren primaziaren inguruan zuten desadostasunen ondorioz. Beranduago, Erreforma protestantearen ondorioz, protestantismoa hainbat denominaziotan bereizi zen Eliza Katolikotik, eztabaida eklesiologiko eta teologikoen ondorioz.

Gaur egun Kristautasunaren lau adarrik handienak Erromatar Eliza Katolikoa (1.300 milioi), Protestantismoa (920 milioi), Eliza ortodoxoa (260 milioi) eta Ekialdeko eliza ortodoxoak (86 milioi) dira, nahiz eta ekumenismorako saiakerak egon. Teologia kristauak eta fedearen profesioak Bibliaz gain babesten du Jesusek nekaldia jasan, gurutziltzatu, hilobiratu, infernuetara jaitsi, eta berpiztu zela hildakoen artean berarengan sinisten zutenentzat betirako bizitza emateko bekatuen barkamena emateko. Gainera, Jesusen Igokundea zeruetara igo zela sinisten dute, eta bertatik Jaungoiko Aitarekin zuzentzen duela mundua Espiritu Santuarekin batera Hirutasunean, eta itzuliko dela bizirik zein hilik daudenei azken auzia egiteko eta bere jarraitzaileei betiereko bizitza emateko. Bere gizakundea, hasierako ministerioa, gurutziltzatzea eta berpiztea askotan "Ebanjelio" gisa izendatzen da. Kristautasunaren Biblian Mateoren, Markoren, Lukasen eta Joanen Ebanjelioak onartzen dira, juduen Itun Zaharrarekin batera aurrekari gisa. Kristautasuna kulturalki anitza da bere Mendebalde eta Ekialdeko adarretan, bai eklesiologiari (eliza ikusgarri/eliza ikustezin), ordenazioari (ondorengotza apostoliko/aita santuaren primatutza) edo kristologiari (Kalzedonianismo/Ez-kalzedonianismo) dagokionez.


Developed by StudentB