Kuba[1], ofizialki Kubako Errepublika (gaztelaniaz: República de Cuba, reˈpuβlika ðe ˈkuβa ahoskatua), Amerikako estatua da, izen bereko uharteak (Antilletako uharte handiena) eta Karibe itsasoko beste uharte batzuek osatua. Iparraldera, Ameriketako Estatu Batuak ditu; mendebaldera, Mexiko; hegoaldera, Kaiman Uharteak eta Jamaika; eta ekialdera, Haiti.
Biztanle gehien dituen Karibeko estatua da, 2012an 11.167.325 biztanle baitziren. Toki askotatiko kultura eta ohituren nahasketa dira kubatarrak, jatorrizko taino herriaren, Inperio garaiko espainiarren, Afrikatik ekarritako esklaboen eta Estatu Batuen eraginaren artekoa.