Kukutza III | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Bilbo |
Koordenatuak | 43°14′56″N 2°56′47″W / 43.2489783°N 2.94644721°W |
Kukutza gaztetxea, Bilboko Errekalde auzoan okupatutako eta autokudeatutako gaztetxe eta aisi eta kultura jardueretarako gune askea zen, 1996. urtetik 2011 arte martxan egon zena, eraitsi zuten arte. Hiru eraikin izan zituen kokaleku, hurrenez hurren: Kukutza I, 1996an, hiru hilabetez; Kukutza II, 1998an, bi hilabetez; eta jarraipen luzea eta eragin publiko zabala izan zuen Kukutza III, lantegi handi abandonatu batean, 1998tik harik eta 2011. urtean poliziaren indarrez eraikina eraitsi zuten arte. Jatorrian instituzio publikoek auzoari eskaintzen zion kultura eta aisia eskaintza urriaren hutsunea betetzeko sortu zen eta, bereziki Kukutza III gaztetxearen kasuan, auzoko hainbat talderen bilgune gisa jardun zuen. Hala ere, Bilbo osoan zuen eragina, eta «sortze fabrika»tzat jo zuten Euskal Herri osoko ehun kultura-sortzailek.[1] Era guztietako ekimenak bultzatzen zituen, hala nola etxebizitza kolektiboa, Koblakari zirku taldea, dantza, eskalada, entseguetarako gunea, liburutegia, jantokia, taberna, «hartu nahi duzuna» (hainbat objekturen eskaintza, dohainik), serigrafia, antzerkia, arte martzialak eta garagardoa egiteko instalakuntza.[2]
Nahiz eta 2011n Kukutza hustu eta eraisteko eman zuten arrazoia etxebizitzak eraikitzea izan zen, urte askotan hutsik egon zen lursail hori, eta auzoko dendariak kexu ziren auzoak bizia eta merkataritza mugimendua galdu zuelakoan Kukutza eraistearekin.[3][4]
Azkenean, 7 urte beranduago, hau da 2018an, Kukutza egon zen lursailean, etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.