Literatur generoak zenbait irizpide (teknika, doinua edo edukia) kontuan hartuz literatur lanak sailkatzeko erabiltzen diren kategoriak dira. Egitura ereduak dira, eta literatur egituren ereduak zedarritzerakoan, egitura antzekotasuna, gaia eta diskurtso literarioaren modalitatea aintzakotzat hartzen dira. Generoak testuak sailkatu eta taldekatzeko irizpidetzat erabiltzen dira eta idazle nahiz irakurleentzat erreferentzia marko gisa balio dute. Latinezko generus hitzetik dator (berez, "familia, espeziea edo klasea") eta Gramatika Klasikoan nahiz Logikan erabiltzen da, hainbat kontzeptu izendatzeko.[1]
Orokorrean, kategoria horiek oso lausoak izaten dira, adituak bat ez datozelako. Oso zaila da sailkapen berean historiako genero eta azpigenero guztiak egokitzea. Garai bakoitzak bereak izaten ditu, hau da, Grezia klasikoko generoak (epika, tragedia eta komedia) edo japonierazkoak (haikua etab.) ez dira bateragarriak. Oro har, genero orokorrenak prosa, poesia eta antzerkia dira.