Lorategi

Frantses lorategi bat (Arnaga etxea, Lapurdi)
Japoniar lorategi bat (Ryōan-ji, Japonia).
Persiar lorategi bat (Xahzadeh lorategia, Iran)

Lorategia[1] landareak eta naturaren beste forma batzuk landatzeko, erakusteko eta gozatzeko eremua da. Munduko kultura ezberdinek, lorategi mota eta estilo asko asmatu dituzte mendeetan zehar. Plazer-, atseden- edo amets-lekuak, lorategiek balio sinbolikoa izan dute Antzinarotik, eta arteetan eta mitologia-erlijioetan agertu izan dira.

Lorategiek, askotan, landareez gain beste hainbat osagai izaten dituzte, hala nola estatuak, pergolak, zursareak, topiariak, arrokaiak, zubi-bideak eta ur-elementuak (iturriak,urmaelak arrainekin edo gabe, ur-jauziak, errekak eta abar). Lorategi batzuk apaingarriak baino ez dira; beste batzuk, berriz, fruitu eta barazkiak ere ekoizten dituzte, batzuetan eremu bereizietan edo, beste batzuetan, landare apaingarriekin nahastuta.

Lorategia kudeatu eta hobetzeko jarduera lorezaintza da eta jardueraren egilea, amateur edo profesionala izanik, lorezaina. Paisaiagintza da lorategiari eta oro har paisaiari lotutako jarduera profesionala, eta paisajistak hauen diseinuan eskala askotan parte hartzen dute, proiektu publiko zein pribatuetan lan eginez.

  1. «Lorategi». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2022-10-28.)

Developed by StudentB