Luxenburgera[2] (jatorrizko hizkuntzan: Lëtzebuergesch, frantsesez: luxembourgeois, alemanez: Luxemburgisch, valonieraz: Lussimbordjwès) Luxenburgon hitz egiten den mendebaldeko germaniar hizkuntza bat da. Luxenburgoko hiru hizkuntza ofizialetako bat da 1984az geroztik, frantsesarekin eta alemanarekin batera. Aditu batzuen iritziz, alemanaren aldaera da, baina beste batzuen ustez, hizkuntza beregaina da. Gainera, 1984tik berezko idaztaraua du[3].
Luxenburgera ingurumariko beste hainbat tokitan ere hitz egiten da, hala nola Belgikan (Arlon inguruko Luxenburgo probintzian), Frantzian (Lorrenako zati batean) eta Alemanian (Bitburg eta Trier inguruan). Alemanian eta Lorrenan alemanaren tokiko dialektotzat hartzen dute. Bigarren Mundu Gerraz geroztik utzi egin zitzaion herrialde horietan luxenburgera irakasteari, eta hori dela eta ia adineko jendearen artera soilik mugatu da egun erabilera Luxenburgotik at.
400.000 bat hiztun badira munduaren luze zabalean.