Manhattan Proiektua

Historiako lehen proba nuklearrak (Trinitate Proba) garatutako onddo-hodeia.

Manhattan Proiektua Bigarren Mundu Gerran lehen arma nuklearra (bonba atomikoa) garatzeko asmotan AEBek, Erresuma Batuak eta Kanadak zuzendu zuten proiektua izan zen. AEBetako Injeniari Gorputzaren agindupean, 1941 eta 1946 urteen bitartean garatu zen. Administrazio orokorraren arduradun Lesli R. Groves jenerala jarri zuten, eta ikerkuntza buru, berriz, Robert Oppenheimer fisikaria.

Proiektuaren emaitzei esker, hiru bonba nuklear lehertu ahal izan ziren 1945ean: uztailaren 16an plutoniozko bonba batekin lehenengo proba egin zen, Trinity proba atomikoa, Mexiko Berria estatuan; Little Boy izeneko uranio aberastuko bonba Hiroshimaren gainean, abuztuaren 6an; eta Fat Man plutoniozko bigarren bonba bat Nagasakiren gainean, abuztuaren 9an.

Proiektuaren jatorrian, Alemania Nazia bere kabuz horrelako armak ikertzen ari zen Aliatuen beldurra zegoen. Nahiz eta hasiera batean ikerkuntza programa txikia zen, 130.000 lagunek baino gehiagok egin zuten lan horretan, eta garaiko 2.000 miloi dolarreko kostua izan zuen.


Developed by StudentB