Marilyn Monroe, (Los Angeles, Kalifornia, 1926ko ekainaren 1a – 1962ko abuztuaren 4a) jaiotzez Norma Jeane Mortenson eta bataioz Norma Jeane Baker, XX. mendeko film-izar, sexu eta pop ikonoa zen.[1]
1945ean[2] modelo bezala hasi zen lanean eta urte batzuk geroago Hollywooden hasi zuen bere ibilbide profesionala Marilyn Monroe izen artistikoarekin. 1940ko hamarkadaren amaieratik paper txiki askotan aritu zen 20th Century Fox ekoiztetxearekin zuen kontratu bati esker; etapa horretan zehar, The Asphalt Jungle (1950) eta All About Eve (1950) filmetan parte hartu zuen. Paper txikietan aritu ostean, pixkanaka 1950eko hamarkadako zinema-izar handiena bilakatu zen, haren komediarako sen eta erakargarritasunari esker. Bere lehen protagonista papera 1952ko Don 't Bother to Knock filmean lortu zuen, eta hurrengo urtetik aurrera lortu zuen bere ibilbideko osperik handiena, Gentlemen Prefer Blondes (1953), How to Marry a Millionaire (1953) eta The Seven Year Itch (1955) bezalako filmetan parte hartu zuenean.[3]
Marilyn Monroe hiru bider ezkondu zen; James Dougherty, Joe DiMaggio eta Arthur Millerrekin, hurrenez hurren. Hauez gain, Robert Francis Kennedy eta John Fitzgerald Kennedy anaiekin harreman sentimentalak izan zituela esan ohi da.
Arazo pertsonalak zirela tarteko, bere buruaz beste egin zuen.[4] 1962ko abuztuaren 5ean hil zen, barbiturikoen gaindosi baten ondorioz, inoiz argitu gabeko baldintzetan, eta nahiz eta AEBko justiziak aztertutako lehen hipotesiak suizidioa izan zela dioen, ezin izan zen inoiz berretsi hala izan zenik.[5]
Heriotzak, konspirazio teoriak pizteaz gain, mito bihurtu zuen Marilyn Monroe.