Marlon Brando, Jr. (Omaha, Nebraska, 1924ko apirilaren 3a - Los Angeles, Kalifornia, 2004ko uztailaren 1a) estatubatuar antzerki eta zinema aktorea izan zen, XX. mendeko hoberenetarikoa. Bitan irabazi zuen Gizonezko aktore onenaren Oscar saria, Terry Malloy (On the Waterfront, 1954) eta Vito Corleone (The Godfather, 1972) antzezteagatik.[1]
Stanislavski metodoa —barne azterketa baliatuz pertsonaiaren larruan sartzera behartzen duen antzezpen ikasbidea— muturrera eraman zuen eta, beraz, zinemako ikono handienetako bat bihurtu zen.[1] Haren antzezteko erak, haren nortasunak, eta Hollywoodeko bizitza sozialaren gaineko interes ezak eragin sakona izan zuen aktore belaunaldi batean, James Dean, Paul Newman, Robert De Niro, Al Pacino, Robert Duvall, Sean Penn, Russell Crowe, eta Jack Nicholson barne. Gainera, politikoki konprometitua izan zen, eta publikoki bat egin zuen ekimen askorekin, batez ere Amerikar Indioen Mugimenduaren alde.