Mendebalde Urruna edo Far West[1], Mendebalde Zaharra edo Mendebalde Basatia (ingelesez The Frontier, Old West edo Wild West ere deitua) Ameriketako Estatu Batuak Ozeano Bareko kostalderantz hedatzean XIX. mendetik XX. mendearen hasierara bitartean bertan izandako historia, geografia, folklorea eta pertsonaiak dira. Europarrak iritsi zirenean hasi zen XVI. mendean lurraldea kolonizatzen, baina mendebaldeko kostaldera iristeko helburua Thomas Jefferson presidentearen gobernu-ekimenari zor zaio nagusiki, 1803an Louisiana erosi ondoren. Mugaren hedapena burgesia zuriarentzat eta ezer ere ez zutenentzat aukeren eta aurrerapenaren bilaketa gisa hartu zen.
Pertsonen migrazio etengabe eta luze horrek antzinako kulturak lekualdatu eta Ipar Amerikako jatorrizko herriak zapaldu zituen. Garai hartan, ordea, aurrerapen handiak egin ziren industrian, komunikazioetan eta nekazaritzan, eta, kasu askotan, giza baliabideen eta baliabide naturalen ustiapen handia ekarri zuen.
Gertaera historiko horiek Ameriketako Estatu Batuetako mito nazional baten jatorria dira («Mugaren mitoa» deitzen zaio), eta Ageriko Patuaren doktrina deiturikoan inspiratuta daude. Artearen hainbat agerbidek sortu dituzte, western generoarekin elkartuta. Cowboy, aitzindari, amerindiar, ganbusino, enpresaburu eta abarren istorioak kontatzen ditu genero honek, arrakasta pertsonala lortzeko asmoz mendebaldeko abenturari ekin ziotenak, baina, gutxitan, justiziari edo patuaren zorigaitzari aurre egin ziotenak. Gaur egungo ikerketen arabera, mitifikazio horren atzean errealitate konplexuagoa dago, eta, beraz, XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran estatubatuarren muga izan zen gizarte-, ekonomia- eta kultura-egoera hartan parte hartu zuten eragile guztien zeregina birplanteatzeko joera dago.