Metodo

Metodologia diziplina bat arautu edo helburu zehatz baterako burutu beharreko prozesuko urrats eta jarduera sistematikoen multzoa, metodoa alegia, nola definitzen diren aztertzen duen arloa da. Adibidez, metodologia edo metodo zientifikoa aipatzen da, zientzia egiteko ikerketan bete beharreko printzipio eta arauak adierazteko.

Metodoaren arazoa Francis Baconek adierazi zuen indukzioaren alde agertu zenean; Descartesek, berriz, zalantza metodikoa eta frogaren irizpidea aztertu zituenean, eta Galileok, izadiaren behaketa zehaztasunez egiteko neurketak erabiltzen hasi zenean.

Zientzian erabiltzen diren metodo orokorrak hauek dira:

  • Indukzioa, edo orokorra ez denetik orokorragoa denera iristen saiatzen den metodoa, a posteriori gisa ere ezaguna.
  • Dedukzioa, edo unibertsaletik partikularrera doan metodoa, a priori gisa ere ezagutua.
  • Analisia, edo konplexua dena bere osagaietan banatzen duen metodoa.
  • Sintesia, edo konplexua dena berriro egituratzen duen metodoa.
  • Definizioa.
  • Zatiketa.

XVIII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera zientzia berriak sortu eta garatu zirenez, zientzia bakoitzari bere metodo arazo bereziak sortu zitzaizkion. Ondorioz, zientzia bakoitzak bere metodoa gauzatu eta zehaztu du.


Developed by StudentB