Michelle LaVaughn Robinson Obama[1] (Chicago, 1964ko urtarrilaren 17a - ) abokatu eta idazle estatubatuarra da, eta Ameriketako Estatu Batuetako lehen dama izan zen, 2009tik 2017ra, Barack Obama presidentearekin ezkonduta.
Chicagoko South Seten hazia, Obama Princetongo Unibertsitatean eta Harvardeko Zuzenbide Fakultatean lizentziatu zen. Karrera juridikoaren hasieran, Sidley Austin abokatu-langelan lan egin zuen, eta han ezagutu zuen senarra izango zena. Ondoren, irabazi asmorik gabeko erakundeetan eta Chicagoko Unibertsitateko Ikasleen Zerbitzuetako dekano elkartuan lan egin zuen. Geroago, Chicagoko Unibertsitateko Zentro Medikoko Komunitate eta Kanpo Gaietako lehendakariordea izan zen. Michelle Barackekin ezkondu zen 1992an, eta bi alaba dituzte.
Obamak senarraren lehendakaritzarako kandidaturaren aldeko kanpaina egin zuen 2007an eta 2008an, eta irekiera-hitzaldia eman zuen 2008ko Konbentzio Nazional Demokratan. Ondoren, hitzaldi txalotuak eman ditu 2012, 2016 eta 2020ko konbentzioetan. Lehen dama gisa, Obamak eredu izan nahi zuen emakumeentzat, eta pobreziaren, hezkuntzaren, nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta elikadura osasuntsuaren inguruan kontzientziatzearen alde lan egin zuen. Diseinatzaile estatubatuarrei lagundu zien eta modaren ikono gisa hartu zuten[2]. Obama izan zen lehen emakume afroamerikarra Lehen Dama postuan.
Senarraren lehendakaritzaren ondoren, Obamaren eraginak bere horretan dirau. 2020an, Estatu Batuetako emakumerik miretsienari buruzko Gallupen inkestaren buru izan zen, hirugarren urtez jarraian[3].