Mikrobioak edo mikroorganismoak mikroskopioarekin soilik ikus daitezkeen izaki bizidunak dira. Unizelularrak dira. 2017an aurkitu ziren orain arteko mikrobio fosilik zaharrenak, orain dela 3.450 milioi urteko Australiako arrokatan[1][2].
Mikrobioen ezaugarri nagusia haien tamaina da: oso txikiak dira (adibidez, bakterio bat arkakusoa baino mila aldiz txikiagoa da) eta, ondorioz, ez dira begi hutsez ikusgarriak.
Lehenengo mikrobioak Anton van Leeuwenhoek-ek ikusi zituen XVII. mendean. Berak lehenengo mikroskopio modernoa asmatu zuen. Egun batean, ur-putzu bateko tanta bat mikroskopio azpian jarri zuen eta ehunka mikrobio txiki ikusi zituen tanta horretan. "Animakuluak" deitu zien.
Mikrobio nagusiak birusak, bakterioak, protozooak eta onddo batzuk (legamiak) dira. Nahiz eta pertsona askoren ustez gaiztoak izan, mikrobio gehienak ez dira kaltegarriak, eta askok laguntzen dizkigute maila askotan (industrian, osasungintzan, ingurugiroa hobetzen, etab.). Gaixotasunak sortzen dituzten mikrobioak, portzentaietan, oso gutxi dira.