Mintzaira

Teotihuacango (Mexiko) horma irudi bat, 200. urtearen ingurukoa. Ahotik hizketa biribilki bat (hizketa sinbolizatzen duena) darion gizaki bat irudikatzen du.
Idazkera kuneiformea da hizkuntza idatziaren forma ezagunetatik zaharrena; hala ere, hizkuntza idatzia baino gutxienez hamarnaka mila urte lehenagokoa da ahozko hizkuntza.
Bi neska, Amerikar keinu hizkuntza ikasten.
Braille idazketa-sistemak ukimenezko formaz adierazten du hizkuntza.

Mintzaira da gizakiok dugun komunikazio sistema konplexuak bereganatu eta erabiltzeko gaitasuna, berariazkoa eta unibertsala.[1] Era berean, hizkuntza jakin bat sistema horren edozein adibide da. Hizkuntza aztertzeaz arduratzen den zientzia hizkuntzalaritza da.

Nolanahi ere, hizkuntza adiera anitzeko hitza da. Hizkuntzaz dugun ikuspegiaren arabera, adiera bat edo beste har dezake:

  1. hizkuntza zeinu hostunek edo hotsik gabekoek osatutako sistema;
  2. gizakiak gainerako gizakiekin komunikatu ahal izateko sistema hori erabiltzeko duen gaitasuna;
  3. erkidego batek komunikatzeko erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea;
  4. erkidego batek pentsatzeko erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea;
  5. erkidego batek kultur transmisiorako erabili ohi duen zeinuz osatutako kodea.

Ikuspuntu zabalago batetik ikusita, hizkuntzak gizaki eta beste animalia batzuen arteko ezaugarria erakusten du, beraien esperientziak adierazi eta besteei komunikatzeko, ikur, seinale eta soinuak erabiliz. Gizakiek hizkuntza konplexu bat garatu dute sekuentzia sonoro eta ikur grafikoen bitartez adierazten dena. Beste aldetik, animaliek soinua, usaina eta gorputza erabiltzen dute; sinpleagoa dirudien arren, sinplea izatetik oso urrun dago.

Hizkuntza gaitasuna ez da ikasketaren ondorioa, jaiotzatik dator; hau da, gizakiarekin batera jaiotzen da. Gainera, berdin aurkezten da gizaki guztietan, ondorioz, unibertsala dela esan dezakegu. Hizkuntzak ikasi eta ahaztu egin daitezke, baina hizkuntza gaitasuna ez.

Ferdinand de Saussurerentzat eta estrukturalistentzat erlazio sistema gisa hartu behar da hizkuntza. Sisteman duen tokiaren arabera, hots, beste unitateekin dituen harremanen arabera definitua da hizkuntza unitate bakoitza (fonema, morfema, sintagma). Beren baitatik kanpo dagoen sistema hori ikasi eta erabiltzen dute hiztunek. Gizarteak sortu duen zer abstraktua da hizkuntza, hiztunek baliatzen dutelarik hizketan mamitzen dena.[2]

Noam Chomskyren ildotik sortu den hizkuntz teoriaren arabera, berriz, hizkuntza mintzamena da, esan nahi baitu giza banakoek beren baitan sortzez duten mintzatzeko gaitasun berezia. Ikusmolde horretan, izaera psikikoa du, bera, hizkuntzak, hiztunek ingurumenaren arabera garatzen baitute beren baitako hizkuntz gaitasuna.[3]

  1. Ferdinand de, Saussure. (1998). Hizkuntzalaritza orokorreko ikastaroa. Itzultzailea: Isabel Arrigain. Bilbo: Klasikoak ISBN 978-8488303448. OCLC .863164044.
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. Lur entziklopedietatik hartua.

Developed by StudentB