Mississippi[1] (algonkineraz: misi-ziibi, "Ibai Handia") Estatu Batuetako erdialdeko ibai luze bat da, hamar estatutatik hegoalderantz igarotzen dena —Minnesota, Wisconsin, Iowa, Missouri, Illinois, Kentucky, Tennessee, Arkansas, Mississippi eta Louisiana— Mexikoko Golkoan (Ozeano Atlantiko) itsasoratu arte, New Orleansetik hurbil. Ipar Amerikako ibairik luzeenen artean, bigarrena da 3734 km-ko luzerarekin, baina Missouri sistema kontuan hartuz gero 6275 km-ra iristen da, munduko laugarren ibai-sistemarik handiena osatuz Amazonas, Nilo eta Yangzi ibaien atzetik. Iparraldetik hegoaldera zeharkatzen ditu Estatu Batuak. Oso ibai bihurgunetsua da, eta meandro ugari ditu. Mississippi estatuari izena ematen dio, haren mendebaldeko mugan baita. XIX. mendean muga kontzeptuala ezartzen zuen, handik mendebalderantz zegoen lurralde handiari Mendebalde Urruna esaten ziotelarik.
3.238.000 km²-ko arroa drainatzen du, munduko laugarren handiena, Amazonas (6.145.000 km²), Kongo (3.700.000 km²) eta Nilo (3.255.000 km²) ibaien atzetik.
Kolonaurreko garaian, nabigazio-bide garrantzitsua zen, eta amerindiarrek «Meschacebé»[2] («uren aita») deritzoten. Gaur egun, AEBko ekonomiaren eta kulturaren funtsezko elementua da.
1997ko irailaren 11n, Bill Clinton presidenteak Mississippi ibaiaren bi atal izendatu zituen, Goi eta Behe Mississippi, Ameriketako Estatu Batuetako ondarearen ibai-sistema osatzen duten hamalau ibaietako bat gisa.