Ekonomian, monopolioa (grekeratik, mono -bat- eta polein -saldu-) dagoela esaten da merkatu batean ondasun edo zerbitzu baten eskaintza enpresa bakar baten esku dagoenean. Adibidez, urrutiko herri bateko okindegiak monopolio bat osatzen duela esan daiteke, bera baita herri mailako merkatuko ogi-saltzaile bakarra. Ondasuna eskaintzen duen enpresak, monopolista izena duena, merkatu-botere handia hartzen du, merkatuko salneurria eta eskaintzen den kopurua bere mendean dituelako, bereziki ordezko ondasunik eta merkatu-kuota kenduko dion lehiakiderik ez dagoelako eta monopolio iraunkorretan beste enpresen sarbidea sarrera-hesien bitartez eragozten delako. Hala ere, prezio igoera batek eskaria gutxitzen duela hartu behar du kontuan monopolistak. Enpresaren etekinak maximotzen dituen prezioa eta eskaintzen den kopurua jakiteko, monopolioaren eredu mikroekonomiko bat garatzen da, kostuak, eskaria, ekoizpena eta prezioa biltzen dituena. Monopolioak merkatuan ezartzen duen kontrola, oro har prezio altuagoak ezarriz eta kopuru txikiagoak eskainiz, eta sektore bateko enpresen arteko konkurrentzia ezak ekar dezakeen prezioen gehiegikeria eta produktuaren kalitatearekiko utzikeria direla eta gaitzetsi egin ohi da monopolioen existentzia. Horrela monopolioak ezabatu edo gutxienez arautzeko gomendioak, konpainien arteko lehia bultzatu eta efizientzia handiagoa lortzearren, egiten ohi dituzte ekonomialariek.