Murrizte-endonukleasa

EcoRI endonukleasaren mozketa DNA palindromiko batean.

Murrizte-endonukleasak (murrizte-entzimak ere deituak) DNAren molekula toki jakin batzuetatik mozten duten entzima bereziak dira, nukleotido espezifikoak antzematen dituztenak.

Bizidun guztiek murrizte-endonukleasak dituzte. Haien eginkizun nagusia zelulan sar daitekeen DNA arrotza suntsitzean datza (esate baterako, bakterioek modu horretan birusen DNA deusestatzen dute DNA horrek bakterioak infektatzen dituenean).

Murrizte-endonukleasak oso erabiliak dira ingeniaritza genetikoan, geneak klonatzeko prozesuan.

"Guraize molekularrak" ere sarritan deitzen zaizkie, DNAren zati batzuk mozten dituztelako. Entzima bakoitzak 4 eta 6 nukleotiko bitarteko sekuentzia espezifikoa hartzen du mozketa gunetzat. Puntu jakin batekiko simetria bikoitza izaten dute moztutako sekuentzia horietako askok, hots, berdin irakurtzen dira ezkerretik zein eskuinetik (KALABAZA ZABALAK bezalaxe). Simetrikoak diren DNA-ren segmentu horiei palindromo deritze.

Esaterako, eskuinean dagoen irudian segmentu palindromo bat agertzen da. EcoRI izeneko murrizte-endonukleasak sekuentzia horren G eta A nukleotidoen artean mozketa egiten du, DNAren bi harizpietan.

Gaur egun ehunka murrizte-endonukleasa ezagutzen dira. Ingeniaritza genetikoan gehien erabiltzen direnak bakterioetatik datozenak dira, eta bakterioaren genero eta espeziearekin izendatzen dira. Adibidez, Escherichia coli-tik datorrena Eco izenekoa da, eta Haemophilus influenzae-rena Hin. Espezie batek endonukleasa bat baino gehiago ekoizten badu, zenbaki erromatarrak erabiltzen dira (esate baterako, HinDIII, Haemophilus influenzae-ren D anduiak ekoizten duen 3. endonukleasa da)


Developed by StudentB