Natura edo izadia, zentzu zabalenean, mundu fisiko, natural eta materiala da. Izatasun fisikoa duten gauza guztien multzoa da, osotasuntzat hartua, eta, bereziki, izaki biziduntzat hartua, gizadi-ren aurrez aurre[1]. Askotan ingurumenaren sinonimotzat ere erabiltzen da. Haren inguruko jakintzak natura zientziak dira, eta esparru honetako aztertzaile eta sustatzaileak naturalistak dira.
Gaur egungo erabileren barnean, "izadi" hitzak izaki bizidun mota guztien domeinu orokorrari erreferentzia egin diezaioke, landare eta animaliak kasu, eta, kasu batzuetan, objektu bizigabeekin lotutako prozesuei, baita eguraldia, geologia eta izaki hauek guztiek duten materia eta energia ere. Askotan, "ingurune naturala" esan nahi duela esaten da: animalia basatiak, harkaitzak, basoak, hondartzak, eta, oro har, gizakiak funtsean aldatu ez dituen gauza guztiak, edo nahiz eta gizakiak esku-hartu irauten dutenak. Gauza naturalen kontzeptu tradizionalago honek berezkoaren eta artifizialaren arteko bereizketa dakar (azken hau giza gogamenak edo kontzientziak egindako zerbait bezala ulertuta).