Nekazaritza, lugintza edo laborantza lurra landuz landareak edo zuhaitzak hazi eta bertatik batez ere gizaki zein abereentzako elikagaiak (fruituak, barazkiak, zerealak) ekoizten dituen hazkuntza-jarduera da. Ehungintza, papergintza, farmazia edo bestelako industria jardueretarako zuntzak eta bestelako gaiak ekoizten dira nekazaritzan. Gaur egun erregaiak ekoizteko landareak ere hazten dira. Nekazaritzan hazitako landare eta fruituei labore deritze. Funtsezko jarduera ekonomikoa da gizartean: nekazaritzaren ekoizkin gehienak elikadurarako direnez, uzta eskasek eta nekazaritza-krisiek goseteak eta arazo sozioekonomiko larriak eragin dituzte historian zehar. Guztira, Lurraren lurzoruaren %10-%20 bitartean nekazaritzarako erabiltzen dela zenbatetsi da[1]. Nekazaritzaren eraginez landa inguruneko paisaia sortzen da, hiriaren aldean. Landa ingurunean giza-komunitateen bizitza eta garapen iraunkorrerako kondizio egokiak sortzen dira batzuetan, baina nekazaritza modu desegokiek bertako komunitateak ezabatu ere egin dituzte beste batzuetan.
Nekazaritza Neolitikoan garatu zen, duela 10.000 bat urte, eta berari esker zibilizazioaren sorrera gertatu zen: hiriak sortu eta garapen ekonomiko eta kultural handia izan zen, elikagaien ekoizpena aiseago egiten baita nekazaritzaz, antzinako elikagaien bilketa zuzenaren eta ehizaren aldean, eta horrela beste jardueretarako denbora uzten du. Aro modernoan ere, Iraultza Industriala nekazaritzan izandako aurrerapenei esker gertatu zen, industriak behar zituen langileak nekazaritza sektoretik hartuz. Egun ere nekazaritzaren eraginkortasunerako teknikak garatzen dira, agronomia izeneko arloaren baitan. Nekazaritzak ingurumen naturalaren eraldaketa dakar beti, baina bere baitan oso sistema ezberdinak bereizten dira: ekoizpena maximizatzearren pestizida eta ongarri sintetikoen erabilera masiboak aldezten dituen nekazaritza, ingurumen arazo larriak ekartzen dituena, eta beste alde batetik modu bigunagoaz garapen iraunkor baterako nekazaritza ekologiko baterako printzipioak, metodo eta teknikak ezartzen dituena, agroekologia izeneko arloaren baitan.
Nekazaritza lehenengo sektore ekonomikoan kokatzen da, arrantzarekin batera, baina bere baitan oso jarduera ezberdinak biltzen ditu. Biziraupenerako nekazaritza nekazariak berarentzat eta bere familiarentzat nahikoak diren elikagaiak soilik lortzen dituen nekazaritza da; beste alde batetik, nekazaritza intentsiboak ahalik eta etekin handiena bilatu eta horretarako teknikak garatzen ditu. Hazitako landareak zein diren, nekazaritza modu eta teknika ezberdinak ere bereizten da: esate baterako, baratzezaintzan fruitu eta barazkiak hazten dira eta zerealak zerealgintzan. Aldi berean, nekazaritza abeltzaintzarekin oso loturik izaten da, sistema bat osatuz: nekazaritzak abereentzako elikagaiak ekoiztu eta abereen lana eta emariak nekazaritzarako erabiltzen dira. Gaur egun, nekazaritza munduko sistema ekonomiko globalean guztiz integraturik dagoen jarduera da, industriatik beharrezko dituen lehengaiak eta teknologia hartuz eta elikagai, energia eta ehungintza industrietarako lehengaiak ekoiztuz. Integrazio global honek lurraren kontzentrazioa ekarri du, multinazionalen aldetik, tokiko nekazariek bere laboreak merkaturatzeko duten autonomiaren eta kontrolaren galerarekin batera.