Neoliberalismoa -liberalismo berria edo liberalismo teknokratikoa ere deitua- liberalismo klasikoaren susperraldiaren emaitza den korronte ekonomiko eta politiko kapitalista da.
Termino honen definizioa eta erabilera eboluzionatuz joan dira azken hamarkadetan eta, gaur egun, ez dago irizpide bateraturik “neoliberalismoa” zer den determinatzen duenik. Hala ere, eskuinarekin lotu daiteke eta hizkera arruntean liberalismo, kontserbadurismo, feudalismo edo faxismoaren esparruetako ideia desberdinak barnean hartzen dituen termino gisa ere erabiltzen da. [1][2][3][4][5]
1930.hamarkadan agertu zen lehenengo aldiz “neoliberalismo” kontzeptua, liberalismo klasikoaren krisiari eta SESBen sendotzeari aurre egiteko helburuarekin. Doktrina haren arabera, monopolioak izateak merkatu librean desegokitasunak sortzen dituenez, estatuaren esku-hartze ekonomiko mugatuaren beharra dago, monopolioek sortutako desorekak saihesteko. Neurri horiekin batera, zerga erreforma eraginkorra ezarri beharra azaltzen da, geroz eta handiagoa den gastu publikoa finantzatu ahal izateko.
Baina 1960.hamarkadatik aurrera, “neoliberalismo” kontzeptua zentzu edota definizio hau galduz joan zen pixkanaka eta estatuaren esku hartze mota guztien aurkako kontzeptu gisa erabiltzen hasi zen, horrela iraun duelarik. Gaur egun egun ulertzen dugun neoliberalismoak, beraz, hasierako kontzeptuarekin guztiz hausten du.
Egungo neoliberalismoaren defendatzaileek ekonomiaren liberalizazio zabala, salerosketa librea, gastu publikoaren murrizketa drastikoa eta sektore pribatuaren mesedetan burututako estatuaren esku hartzea babesten dute. [6]