Nerbio-sistema

Nerbio-sistema
Xehetasunak
Honen partesistema neurobaskularra
KonponenteakNerbio-sistema zentrala
Nerbio-sistema periferikoa
Neurona
glia
Identifikadoreak
Latinezsystema nervosum
MeSHA08
TAA14.0.00.000
FMA7157
Terminologia anatomikoa

Biologian, nerbio sistema animalia baten zati oso konplexu bat da, organismoen ekintza eta informazio sentsoriala koordinatzen dituena seinaleak transmitituz gorputzeko zati desberdinetatik. Nerbio sistemak gorputzari eragiten dioten inguruneko aldaketak antzematen ditu, gero tandemean egiten du lan sistema endokrinoarekin gertakizun horiei aurre egiteko[1]. Nerbio ehuna lehenengoz zizare moduko organismoetan agertu zen duela 550 eta 600 milioi urte artean. Ornodunetan nerbio sistema bi zati nagusiez dago osatuta, nerbio sistema zentrala (NSZ) eta nerbio sistema periferikoa (NSP). NSZa garuna eta bizkarrezur-muinaz dago osatuta. NSP gehienbat nerbioez dago osatuta, axoien edo zuntz luzeen sorta itxiak direnak, NSZ gorputzeko beste zati guztiekin lotzen dituztenak. Garunetik seinaleak transmititzen dituztenei nerbio motor edo eferente deritze; informazioa gorputzetik NSZra transmititzen dituztenak, aldiz, nerbio sentsorial edo aferenteak deritze. Bizkarrezurreko nerbioak bi funtzioak dituzte eta nerbio mistoak deritze. Nerbio sistema periferikoa hiru azpisistemetan dago banatuta: nerbio sistema somatikoa, autonomoa eta enterikoa. Nerbio somatikoek borondatezko mugimenduak bideratzen dituzte. Nerbio sistema autonomoa, nerbio sistema sinpatiko eta parasinpatikoan dago banatuta. Nerbio sistema sinpatikoa larrialdi egoeretan aktibatzen da energia mobilizatzeko, nerbio sistema parasinpatikoa, ordea, organismoak erlaxazio egoeran daudenean aktibatzen da. Nerbio sistema enterikoak sistema gastrointestinala kontrolatzen du. Bai nerbio sistema autonomikoak, bai enterikoak nahi gabeko funtzionamendua dute.

Maila zelularrean, nerbio sistema zelula mota berezi baten presentziaz dago definituta, neurona deritzona[2], nerbio zelula ere deitua. Neuronek egitura berezi bat dute beste zelulei seinaleak azkar eta modu zehatzean bidaltzea ahalbidetzen dietena. Seinaleak uhin elektrokimiko moduan bidaltzen dituzte axoi izeneko zuntz finetan barrena, neurotransmisore izeneko substantzia kimikoak isurtzea eragiten dutenak sinapsi izeneko lotunetan. Neurona batetik seinale sinaptiko bat jasotzen duen zelula bat kitzikatua, inhibitua edo modulatua izan daiteke. Neuronen arteko konexioek bide neuronalak, zirkuitu neuronalak eta sare handiagoak eratzen dituzte organismoen munduaren pertzepzioa sortu eta haien portaera zehazten dutenak. Neuronez gain, nerbio sistemak beste zelula espezializatu batzuez dago osatuta glia zelulak (edo soilik glia) deiturikoak euskarri estruktural eta metabolikoa ematen diena.

Nerbio sistemak animalia zelulaniztun gehienetan aurkitu daitezke, baina nabarmenki aldakorrak dira konplexutasunari dagokionez. Belakiak, plakozooak eta mesozooak dira nerbio sistemarik ez duten animalia zelulaniztun bakarrak, oso gorputz sinpleak dituztenak. Erradialki simetrikoak diren organismoen nerbio sistemak, ktenoforoak (orrazi marmokak) eta knidarioak (anemonak, hidrak, koralak eta marmokak) nerbio sare hedatu batez daude osatuta. Beste animalia espezie guztiak, zizare mota batzuk izan ezik, garun bat, muin zentral bat (edo 2 muin paraleloan ezarriak) eta garunetik eta muin zentraletik ateratzen diren nerbioz osaturiko nerbio sistema bat dute. Nerbio sistemaren tamaina aldakorra da, ehun bat zelulatik zizare sinpleenetan, 300.000 milioi zeluletara elefante afrikarretan[3].

Nerbio sistema zentralak zelula batetik bestera edo gorputzaren zati batetik bestera seinaleak bidali eta erantzuna jasotzen du. Nerbio sistemaren funtzionamendu txarra gerta daiteke akats genetikoen ondorioz, traumatismoen ondorioz edo toxikotasunaren ondorioz, baita infekzioen edo zahartze biologikoaren ondorioz ere. Neurologia da nerbio sistemaren gaixotasunak aztertzen dituen zientzia eta hauek saihesteko asmakizun edo tratamenduak bilatzen dituena. Nerbio sistema periferikoan, arazo ohikoena nerbio kondukzioaren akatsa da, arrazoi desberdinengatik gerta daiteke neuropatia diabetikoa eta nahaste desmielizatzailea, adibidez, esklerosi anizkoitza eta alboko esklerosi amiotrofikoarekin batera. Neurozientzia nerbio sistema aztertzen duen zientziaren adarra da.

  1. Principles of Anatomy and Physiology Wileyplus Registration Card + Print Companion.. John Wiley & Sons Inc 2016 ISBN 978-1-119-34373-8. PMC 1000581460. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  2. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  3. (Ingelesez) Herculano-Houzel, Suzana; Avelino-de-Souza, Kamilla; Neves, Kleber; Porfírio, Jairo; Messeder, Débora; Mattos Feijó, Larissa; Maldonado, José; Manger, Paul R.. (2014). «The elephant brain in numbers» Frontiers in Neuroanatomy 0  doi:10.3389/fnana.2014.00046. ISSN 1662-5129. PMID 24971054. PMC PMC4053853. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).

Developed by StudentB