Nerbio kranial | |
---|---|
Xehetasunak | |
Identifikadoreak | |
Latinez | n. cranialis |
MeSH | A08.800.800.120 |
TA | A14.2.01.001 eta A14.2.00.038 |
FMA | 5865 |
Terminologia anatomikoa |
Nerbio kranialak edo bikote kranialak nerbio-sistema periferikoaren 12 nerbio pare dira, garunetik ateratzen direnak.[1] Entzefaloaren enborretik edo burmuinetik zuzenean ateratzen dira, eta garezurraren zuloetan zehar buru, lepo, torax eta abdomen eremuak inerbatzera abiatuko dira. Nazioarteko nomenklaturan nerbio terminala aipatzen da, nahiz eta gizakietan nerbio atrofiko bat izan eta usaimen nerbioarekin oso estuki lotuta egon.
Nerbio hauek lepoko eta buruko informazio sentsoriala (aferentea, errezeptoreetatik datorrena) nerbio-sistema zentralari bidaltzen diote, eta baita nerbio-sistema zentraletik guruin eta gihar batzuei ere (informazio eferentea, organo efektoreei).[1] Burua, gorputz enborra eta barne organo batzuk inerbatzen dituzte.
Bikote kranial deritze alde bietako egitura bikoitzak direlako, eta kokapen simetrikoa daukate. Itxurazko jatorri bat daukate, entzefaloaren enborreko zein puntutan sartu edo ateratzen diren lekuari dagokiona. Benetako jatorria, haatik, ezberdina da, eta betetzen duten funtzioaren arabera aldatuko da. Funtzio motorra (eferentea) duten bikote kranialen zuntzek entzefalo enborraren eremu sakonetan kokatutako neuronen multzoetatik datoz, eta zelula hauek orno muinaren aurreko adarraren zelulen homologoak dira. Funtzio sentsitibo edo sentsorialeko nerbioen (informazio aferentea) nukleoak entzefalo enborretik at dauden nukleoetatik (lehenengo ordenakoak) edo entzefalo enborrean dauden nukleoetatik (bigarren ordenakoak) datoz.
Orokorrean, bikote kranialen nukleoak entzefalo enborrean zehar dagoen tegmentum izeneko eremu orokor batean kokatzen dira.