Artikulu hau hobetzeko lanean ari da wikilari bat. Hori dela eta, beharbada hutsuneren batzuk izango dira edukian edo formatuan. Mesedez, aldaketa handi bat egin baino lehen, eztabaida ezazu haren lankide orrian edo artikuluaren eztabaida orrian, erredakzioa koordinatzeko. |
Neuroaniztasuna[1][2] ikaste prozesuetan desgaitasunetara hurbiltzeko era bat da. Neuroaniztasunaren ikuspegia defendatzen dutenek iradokitzen dute hainbat egoera neurologiko eta hainbat jokabide giza genoman posibleak diren eta banaketa normalaren ertzetan ematen diren aldaerak besterik ez direla.
Urtetan etiketa negatiboekin deskribatu izan diren zenbait jokabide eta zenbait izaera giza genomaren aldaera posibleen arteko batzuk besterik ez direla aldarrikatuz, aniztasun horrek alde onen bat ere izan dezakeela iradokitzen dute.
Psikologia eta psikiatriaren garai historikoetan pertsona batzuen ezaugarriak etiketa negatiboekin deskribatu izan dira: adimen urritasuna, gaixotasun mentala, ezintasuna, sindromea, mentsa, nahasmendua, arazoa, problema, sintomatologia, terapia, patologia, ahalmen urritasuna, gaitasunik eza, gaixotasun kronikoa, desgaitasuna... Neuroaniztasun kontzeptua defendatzen dutenek etiketa negatibo horien gainean hausnarketa berriak plazaratzen saiatu dira. Pertsona batzuen genomek ezaugarri bereziak dituzte eta giza genomaren banaketa normalaren ertzean daudenak ezaugarri negatiboekin batera beste ezaugarri batzuk ere izan ditzakete. Ezaugarri berezi horiek egoera jakin batzuetan adaptazio posible desberdinak eskaini omen ditzakete. Giza genomaren aldaera posibleen artean bizirik iraun badute adaptazio-abantailaren bat ez ote duten aztertzeko proposamena egiten dute.
Badago nazioarteko neuroaniztasunaren aldeko higikundea, giza eskubideen aldeko gobernuz kanpoko erakunde batzuen elkarketa, non autisten eskubideen aldeko higikundea azpitalderik eraginkorra izan den beti. Talde horiek defendatzen dituzte autismo edo Arreta Galeragatiko eta Hiperaktibitateagatiko Asaldura bezalako etiketa jaso duten pertsonak eta beste zenbait neuro-tipoko beste hainbat pertsona diren bezalakoak direla, eta bere barne-barneko izaera hori nekez "senda" daitekeela. Giza genomaren aniztasun handian banaketa normaletik aldentzen direnak giza arrazaren aberasgarri bezala ikusteko eta etiketa negatiboak erlatibizatzeko gonbitea egiten dute. Adibide positibo eta eredu bezala LGBT higikundea aipatzen dute. Gay, lesbiana eta transexualek, urte luzeetako lanarekin, zientzialarien ikuspegi hegemonikoaren ikuspegia aldatzea lortu egin zuten. Homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik atera zuten eta, ondorioz, "sendatzeko" ahaleginek zentzua galdu zuten.
Neuroaniztasuna terminoa XX. mendeko azken hamarkadan hasi zen erabiltzen. Garai hartan psikiatriaren ikuspegi nagusiak kritiko eraginkor asko zituen. Urte haietan dagoeneko kontu jakina zen gaixotasun mentalaren zerrendan sartzen ziren sindrome batzuk oso modu bestelakoan hartzen zirela beste zenbait komunitatetan eta ustezko sindrome edo ustezko gaixotasun batzuk kultura eta munduaren ikuspegi jakin bati oso loturik zeudela. Garai eta leku jakin batean patologikotzat jotako izaera bat beste garai edo leku batean normaltasunaren parametroetan uler zitekeela ikusita zegoen. Ikusita zegoen, baita, zenbait ebaluazio neurologiko egiterakoan pisua izaten zutela aurreiritzi edo ikuspegi ideologikoek. Generoa, jatorri etnikoa, sexu joera iraganean, ebaluazio neurologikoak egiterakoan, gehiegizko pisua izan zuela gauza jakina zen XX. mendeko azken hamarkadan.
Ikerlari batzuek zalantzak plazaratu zituzten: ez ote zen antzekoa gertatzen ari izango beste izaera batzuk ebaluatzerakoan? Autismoarekin esate baterako. Autismo izaera ebaluatzen zuen gizartearentzat pertsonarteko gaitasunak sekulako garrantzia zuen. Gaitasun horretan autismoa diagnostikaturiko pertsonak banaketa normalaren ertz batean egotea, besteak beste, adierazten zuen izaera hori patologikotzat jotzen zuen gizarteak zenbateraino baloratzen zituen giza-harremanak.