Nitrogenoaren finkapenanitrogeno atmosferikoa (N2) nitrogeno organikoan (NH3) eraldaketan datza, bizidunek erabil dezaketen nitrogeno eran, alegia. Zenbait prokariotok besterik ez dute nitrogenoa finkatzeko gaitasuna.
Nitrogenoa atmosferaren gas nagusia da (honen %78a). Hala ere landareek eta animaliek ezin dute era horretan erabili, lurretik zuzenean (NO3 eran, landareen kasuan) edo dietaren bitartez (animalien kasuan) hartu behar dutelako.
Nitrogenoaren finkapenak nitrogenoa atmosferatik lurrera eramaten du. Alderantzizko bidea desnitrifikazioaren bidez gertatzen da.
Bi prozesuk finkatzen dute atmosferako nitrogenoa:
prozesu abiotiko edo kimikoa: atmosferaren goi-geruzetan deskarga elektrikoek eta erreakzio fotokimikoek nitrogenoaren molekula apurtzen dute, nitrogeno atomoak beste elementuen atomo batzuekin (oxigenoarekin, gehienbat) konbinatzen delarik. Euriak forma konbinatu horiek (NO3) lurrera garraiatzen ditu.
prozesu biologikoa: zianobakterioek eta bakterio batzuek burutzen dutena, atmosferako nitrogenoa (N2) nitrogeno erreduzitua (NH3) bihurtuz. Finkapen kimikoaren aldean, nitrogenoaren finkapen biologikoa askoz garrantzisuagoa da, 8 aldiz nitrogeno gehiago finkatzen baitu (finkapen kimikoak 15 Kg nitrogeno/hektareako finkatzen du urtean, finkapen biologikoak 100-150 kg nitrogeno/hektareako finkatzen duen bitartean).