Olinpiar Jokoak

Olinpiar Joko modernoen ikur nagusia dira Olinpiar eraztun olinpikoak, munduan ikur ezagunenetakoa eta bakearen ikur. Lehen aldiz 1920an erakutsi ziren

Olinpiar Jokoak edo Joko Olinpikoak munduko hainbat tokitako atletek parte hartzen duten diziplina anitzeko nazioarteko kirol ekitaldirik handiena dira. Olinpiar Jokoak kirol munduko lehiaketa nagusitzat hartzen dira, berrehun nazio parte-hartzaile baino gehiagorekin. Lau urtean behin antolatzen dira, bai uda partean bai eta baita neguan ere. Udako eta Neguko Olinpiar Jokoen artean bi urteko tartea dago[1].

Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da.
Bideo hau Ikusgela proiektuaren parte da. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Olinpiar Jokoen gaineko zortzi datu.

Olinpiar Joko modernoak K. a. VIII. mendeko Antzinako Olinpiar Jokoetan inspiratu ziren. Antzinaroan antolatutakoen antzeko ekitaldi batzuk egiteko ideia sortu zen, nagusiki Pierre Frèdy noble frantsesaren gestioei esker zehaztuko zirenak, Coubertingo baroia. Coubertin baroiak Nazioarteko Olinpiar Batzordea (NOB) sortu zuen 1894an. Ordutik, NOB bihurtu da Olinpiar Mugimenduaren organo koordinatzailea, haren egitura eta agintea zehazten duen Olinpiar Gutunarekin[2].

Aro Modernoko Olinpiar Jokoen lehen edizioa Atenasen egin zen, Greziako hiriburuan, 1896ko apirilak 6tik aurrera. Ekitaldi hartatik, lau urtean behin egin dira munduko hainbat hiritan, eta salbuespen bakarrak 1916, 1940 eta 1944ko edizioak izan dira, Lehen eta Bigarren Mundu Gerraren leherketaren ondorioz. XX. eta XXI. mendeetan mugimendu olinpikoak izan duen bilakaerak hainbat aldaketa ekarri ditu Olinpiar Jokoetan. Egokitzapen horietako batzuen artean daude neguko kiroletarako Neguko Jokoen sorrera, ezintasunen bat duten atletentzako Paralinpiar Jokoak eta atleta nerabeentzako Gazteen Olinpiar Jokoak[3].

NOBk hainbat aurrerapen ekonomiko, politiko eta teknologikotara egokitu behar izan du. Horren ondorioz, Olinpiar Jokoak amateurismo hutsetik urrundu dira, Coubertinek aurreikusitakoaren arabera, atleta profesionalen parte hartzea ahalbidetzeko. Masa komunikabideen gero eta garrantzi handiagoak enpresen babesaren eta Jokoen merkaturatzearen gaiari ekin zion.

Olinpiar Mugimenduak kirol bakoitzeko nazioarteko federazioak, Olinpiar Batzorde Nazionalak eta edizio bakoitzeko Batzorde Antolatzaileak ditu. NOB da egoitza hiria aukeratzeko arduraduna. Olinpiar Gutunaren arabera, hiri anfitrioiaren ardura da Jokoak antolatzea eta finantzatzea. Hainbat ikur eta zeremonia olinpiko daude, hala nola bandera eta zuzi olinpikoak, baita irekiera eta itxiera zeremoniak ere. Ekitaldi bakoitzean lehen, bigarren eta hirugarren mailako irabazleek domina olinpikoak jasotzen dituzte: urrea, zilarra eta brontzea, hurrenez hurren.

Olinpiar Jokoei egindako kritikatzat, salatu izan da Olinpiar Jokoak antolatzen dituzten gobernuek joko hauek kirolezko zuriketarako erabiltzen dituztela. Hau da, gobernu antolatzaile horiek, kirola erabiliz, beren fama kaltetua hobetzeko helburua izan dutela. Hartara, 1936ko Udako Joko Olinpikoak, Berlinen ,Alemania naziaren kirolezko zuriketa izan zirela jotzen da.

  1. (Ingelesez) «Olympic Games | History, Locations, & Winners» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-10-02).
  2. Olympia Charter. .
  3. The Olympic Games in Antiquity. .

Developed by StudentB