Oliver Cromwell (Huntingdon, 1599ko apirilaren 25a - Londres, 1658ko irailaren 3a) Ingalaterrako militar eta politikaria izan zen, herrialdea errepublika bilakatzeagatik eta errepublika horren burua izateagatik ezaguna. Ingalaterra, Eskozia eta Irlanda haren agindupean egon ziren 1653ko abenduaren 16tik hil zen arte. Polemika handiko pertsonaia da, zeren, historialari batzuen ikuspuntutik, erregea erail zuen diktadorea baita, eta besteen aburuz, askatasunaren heroia.
Kontraesanez beteriko bizitza izan zuen. Karlos I.a hiltzera bidali zutenetakoa izanda, koroa arbuiatu zuen, nahiz eta errege horrek baino botere handiagoa eskuratu zuen. Parlamentaria izan zen, baina parlamentuak deuseztatzeko agindu zuen. Bere agindupean erlijio askatasuna indarrean jarri zen arren, biraolariak torturatu eta katolikoak esetsi zituzten. Denentzako justizia aldarrikatu bazuen ere, Parlamentuaren baimenik gabe zergak igotzeagatik kritika egiten ziotenak espetxeratu zituen. Haren aldekoek, hala ere, goresten dute, tirania suntsitu, errepublika ezarri eta askatasuna handitu zuelako.