Olivia Mary de Havilland (Tokio, Japonia, 1916ko uztailaren 1a - Paris, 2020ko uztailaren 26a) Ameriketako Estatu Batuetako aktorea izan zen, Oscar sariaren irabazlea. Joan Fontaine aktorea du ahizpa gaztea, baina elkarren urrunketa ospetsua izan da.
Bi ahizpak Tokion jaio baziren ere, San Franciscora joan ziren Olivia de Havillandek bi urte zituela. 1935ean lehen filmean antzeztuta, berehala aktore entzutetsua bihurtu zen 1930eko hamarkadan ere, Errol Flynn izarrarekin batera hainbat filmetan agertu zelako. Hala ere, beti paper bertsuetan jokatzen zuen, estudioak behartuta. Urte batzuk lehenago Bette Davisek arrazoi berberarengatik Warner Bros epaiketara alferrik eraman bazuen ere, Olivia de Havillandek berriro ekin zion. Aldi horretan, epaileak, ordea, aktoreen alde ebatzi zuen, eta, hortik aurrera, estudioek ezin izan zuten aktoreen karreraren gainean nahi adinako kontrolik eduki.
De Havilland izeneko lege horrek Hollywooden gainean oso eragin handia eta luzea izan zuen, eta azkenean, filmak ekoizteko eta banatzeko sistema irauli zuen.