Ornitologia (grezierazko ὄρνις - ὄρνιθος —"ornis - ornithos", "hegazti"— eta λόγος —"logos", "zientzia"— hitzen lotunea) hegaztiez arduratzen den zoologiaren adarra da[1]. Zoologiaren beste adarrak ez bezala eta, batez ere, hegaztien ikusgarritasuna dela eta, oso zientzia landua da[2]. Egoera metodologia zientifikoa erabiltzen duten zaletuen lanaren ondorioa da.
Oso zientzia zaharra da eta, hari esker, eboluzio, portaera eta ekologiaren hainbat kontzeptu nabarmen ulertu ditugu, adibidez: espeziazio prozedurak, sena, ikaskuntza, txoko ekologikoa, biogeografia; filogeografia edo kontserbazioa[3]. Ornitologoek tresna eta teknika asko erabiltzen dituztenez, gaur egun berrikuntza ugariko zientzia da[4].
Mundu zabalean, hainbat elkartek dute helburutzat ornitologia lantzea eta hegaztiak babestea. Elkarteen federazio handi bat ere badago, BirdLife International.
Euskal Herriari dagokionez, Itsas Enara Ornitologia Elkartea, Aranzadi Zientzia Elkartea, Euskal Batzorde Ornitologikoa, Saiak elkartea, Lanius Ornitologia Elkartea, Gorosti Natur Zientzia Elkartea eta Arabako Natur Institutua dira ezagunenak.